Falangearen «probokazioari» aurre egiteko deialdia egin dute Iruñean

Gazteluko plaza «mila kolorez» jantzi nahi dute 10:00etan, eta etzi manifestazioa egingo dute eguerdian

Berria, , 09-10-2009

Falange Españolak deialdia egin du etzi Foru plazako monumentuaren aurrean biltzeko, eta hori «probokaziotzat» jo dute Nafarroako gizarte eta politika arloko hainbat elkartek. Azkenaldian egon diren «eraso faxistak» aintzat hartuta, egun berean, igandean, Gazteluko plazan mobilizatzera deitu dituzte «antifaxista guztiak», Faxismoaren aurrean mila kolore lelopean. Atzo egindako prentsaurrekoan, elkarte horien izenean, Leire Olzak eta Patxi Belaskok salatu zuten Falangeak «erakundeen eta poliziaren babesa» duela, eta «euskal militanteak eta erakundeak, berriz, zigortuak» direla.

«Jardunaldi antifaxista» 10:00etan hasiko da, eta hainbat kultura eta kirol jarduera antolatu dituzte. Ondoren, 12:00etan, manifestazioa egingo dute, Sarasate pasealekutik abiatuko da. Deialdia horren bidez, Falangeari aurre egin eta kaleak kolorez jantzi nahi dituzte, iruindar guztien eremu direla aldarrikatzeko. Deialdiarekin bat egin duten elkarteen artean honako hauek daude: Ahaztuak, LAB, AHT Gelditu Elkarlana, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Euskal Herriko Komunistak, Rosa Negra, SOS Arrazakeria eta CGT.

Elkarte horiek oroitarazi dute 36ko gerran Nafarroan izandako 3.000tik gorako hilketen atzean Falangea egon zela eta gaur egun hainbat eraso aldarrikatu dituela. Gainera, salatu dute Falangea eta frankismoaren egituretako arduradunak «inoiz» ez direla epaituak izan: «Hain justu, frankismoaren egiturak agintzen jarraitzen duelako. Trantsizioko iruzurraren lekukoa hartu zuten, dena ondo lotua uzteko». Horren aurka erakundeek ez dutela ezer egiten adierazi dute. «Eurek ematen diete babesa, eta intolerantzia demokratizatzea baimentzen dute».

Bestalde, Ahaztuak elkarteak uste du «zitala» dela Falangearen eta antifaxisten deialdiak muturrekotzat jotzea eta, tartean, «demokrata hutsak» daudela adieraztea: «Faxistek eskubideak eta askatasunak ukatzen dituzte, eta antifaxistek, aldiz, jarrera oldarkorra hartzen dute ukazio horren aurrean», dio Belaskok. «Falangeari deialdia baimenduta, memoria historikoari modu sadikoan irain egiten zaio, eta biktimak modu iraingarrian umiliatuak dira», gaineratu du.

Ezker abertzaleak bat egin du urriaren 11n eta 12an egingo diren deialdi antifaxistekin. Gogoan hartu du azken egunetan Nafarroako politikan gertatutakoa: «Sektore atzerakoienek, Espainiaren batasuna guztiaren gainetik defendatzen duten horiexek, Euskal Herrian aldaketa politikorako aukerak birrintzeko frente komuna osatu dute». Falangea Iruñera etortzeak «egiturazko faxismoarekin» bat egiteko nahia agertzen duela uste du.

Urriaren 12an, Atzoko eta gaurko faxismoari stop lelopean, beste manifestazio bat egingo dute Iruñean, 17:30ean.

Urriaren 12rako herri eskolak antolatu ditu IAk

Ez dute ezer ospatzeko. Urriaren 12a «jai egun arrotza» dela diote Ikasle Abertzaleek. «Inposaketaren eguna». 1998az geroztik urtero egin ohi duten moduan, aurten ere herri eskolak antolatzeko baliatuko dute Hispanitatearen Eguna. Urte osoan hainbat ekimen egin dituzte ikastetxeetan, «hezkuntza sistema propioa eraikitzeko». Lan hori «bikoizteko» asmoz, Hego Euskal herriko ikastetxeetan herri eskolak antolatzera deitu dute. Nafarroan 1512an egin zen konkista izango da aurten gai nagusia. Nafarroa 1512-2012 ekimenaren babesa jaso dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)