Etorkin adingabeen labirintoa

Atzerritar adingabeen Debako zentroan lau metroko garaierako hesia eraikitzen ari dira Harrera zerbitzuek hobera egin dute zentroa ireki zenetik, Diputazioaren eta hezitzaileen ustez, baina inguruko auzoak ez daude lasai

Berria, Mikel Peruarena. Deba, 16-09-2009

Lau metroko garaiera duen itxitura. Deba eta Zestoa artean (Gipuzkoa), Endoia auzoko atzerritar adingabeen harrera etxeari hesia jartzen ari zaio Gipuzkoako Foru Aldundia. Metro eta erdiko hormigoizko pareta egin dute, eta lau metroko garaierako sarearentzako zutabeak jarri dituzte; eta kamerak. Bazen lehendik bi metroko altuerako hesi bat. Auzotarren esanetan, erraz saltatzen zuten gazteek. «Zentroak irekia izaten jarraituko du. Hesi berriarekin gaztetxoen ordutegiz kanpoko sartu-irteerak mugatu nahi dira», adierazi zuen Diputazioak uda hasieran, lanei ekin aurre-tik.

Maite Etxaniz Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuak martxoan jakinarazi zuen «oso jokabide larria» zuten familiarik gabeko adingabe atzerritarrak zentro batera bilduko zituztela. Ordurako zabalik zegoen zentroa, Endoian. Bildu zituzten, eta lehen arazoak agertzen hasi ziren. Debako etxean tratu txarrak jasotzen ari zirela salatu zuten adingabe batzuek martxoan. Gero lapurreta eta liskarrei lotuta agertzen hasi ziren: Donostian, Azkoitian, Irunen, Usurbilen… Debako harrera etxean egondako zenbait gazte atxilotu zituzten, han-hemen, hainbat delitu egitea leporatuta. Martxoan, 371 adingabe zeuden Diputazioaren zaintzapean. Deban 22 zeuden orduan, eta 22en artean bazituzten 300 auzipetze agindu.

Martxoaren 30ean Zestoako eta Debako alkateekin bildu zen Etxaniz. Diputazioak «hezkuntza eta segurtasun neurriak» handituko zituela iragarri zuen. Auzokideekin bilerak egin ditu Diputazioak bitarte horretan. Kexuak ez dira atertu, ordea; eta, uztailean, Eibarko Udalak «Debako zentroko araudia zorrotz betetzeko beharrezko neurriak» hartzeko eskatu zion Diputazioari.

Familiarik ez duten atzerritar adingabeak hartzera eta zaintzera behartuta daude diputazioak. Gipuzkoako harrera zerbitzuan 160 bat gazte hartzeko lekua dago. Sarean larrialdi zentroak daude, harrera etxeak, baita etxebizitzak ere. Berez, ez dago zentro itxirik; delituak egiten dituztenentzat dago Zumarragako zentroa, harrera zerbitzuetatik at. Debako zentroa berezia da, ordea. Harrera zerbitzuen barruan dago, baina apartekoa da, baldintza zorrotzagoak jartzen baitizkie gazteei. Adingabe atzerritarren ibilbideak labirinto itxura du, eta hartan Debako zentroak duen funtzioaz ikuspegi kontrajarriak daude.

Bizilagunak, ernegatuta. «Bi gauza eskatzen ditugu: kontrola eta gardentasuna»

Endoiako eta Itziarko bizilagunak nekatuta eta beldurtuta daude. Martxoan hasi ziren biltzen Zestoako eta Debako udalak, Diputazioa eta auzotarrak. Arazoak ez direla gutxitu adierazi du Aitor Huergo Endoiako auzokideen lan taldeko kideak: «Hemen ez da baretu egoera, eta Diputazioa ez da jarri gurekin harremanetan uda osoan». Zentroko adingabeek auzoan eragindako arazoak zerrendatu ditu: guarda bati disolbatzailea bota ziotela begietara; Itziarko ostatuan 500 euro lapurtu zituztela; sei zakur hil zituztela itota… Borroka bat izan berri da egunotan zentroan, eta bertako hiru langile zauritu dira.

Huergok azaldu du «bizikidetza arazo bat» dutela. Zentroko gazteek ez dutela errespeturik, eta arduradunei arazoak gainez egin diela uste du: «Bi gauza eskatzen ditugu: kontrola eta gardentasuna. Ez dago kontrolik! Beti hamalau gazte daudela esaten dute, baina askotan harrapatu ditugu gezurretan». Istiluak sortuz gero, ez da arduradunik izaten zentroan, auzoen arabera. Huergok Diputazioari aurpegiratu dio «gardentasun falta», eta konpromisoak ez betetzea: «Kontrola agindu zuten, kalteak ordainduko zituztela, baina…». Debako eta Zestoako udalek ere ez dituztela behar bezala babestu iruditzen zaie auzokideei: «Ez dituzte salatu azken gertaerak; horrek eraman du normaltasun irudi faltsua zabaltzera».

Zentroaren izaerarekin ere ez datoz bat; ez dela «gazte liskarzaleentzako» moduko zentroa uste dute auzoek. Bestalde, zentroko gazteen taldea egonkortzen denerako, jende berria iristen da: «Eta dena hankaz gora jartzen da. Integrazioa bada helburua, hau ez da lekua; eta baztertzea bada helburua, ezta ere». Auzoan «eragin soziologiko» txikiagoa lukeen zer edo zer nahi dute: «Honek ez du funtzionatzen. Hau eusteko zentro bat da, menperatzeko, edo hemendik bidaltzeko». Hesi berriarekin ere ez dute konfiantza handirik. Etsita daude. Auzoko gizon batek halaxe epaitu du: «Hor? Kartzela ari dira egiten hor».

Foru Aldundia, lasaiago. «Sare guztia askoz hobeto ari da funtzionatzen orain»

Zentroari, hezitzaileei eta adingabeei ez die mesederik egiten komunikabideetan agertzeak, Diputazioak dioenez. Zenbait zehaztapen egin ditu, hala ere: «Debako zentroa berezia da, eusteko, eta larrialdikoa. Hara heltzen dira arazoak dituzten gazteak, eta errespetua irakastea eta portaera hobetzea da lehen helburua». Jasotako kexen inguruan, Diputazioko iturriek erantzun dute «Eusko Jaurlaritzaren dekretua puntatik puntara» betetzen duela Debako zentroak: «Legeak agintzen du adingabeak babesteko, ez kalean uzteko, eta Legea betetzen dugu».

Debako zentroa inguratzen duen hesi berria bizilagunek eskatu zuten, Diputazioko iturrien arabera. Auzotarrekin eta udalekin bilerak maiz egin direla eta Diputazioak eskaera guztiei erantzun diela nabarmendu dute. Debako zentroa ez dela itzulerarik gabea ere zehaztu dute iturriok: «Debara joaten dira, zigor gisa, salaketak pilatzen dituzten gazteak; baina batzuk oneratu egiten dira. Ordutegiak eta zigorrak gazte bakoitzaren portaerak baldintzatzen ditu». Debako zentroa irekitzeak hainbat on egin duela adierazi dute: «Sare guztia askoz hobeto ari da funtzionatzen orain, Debakoa martxan denetik».

Hezitzaileak, bakean. «Orain sekulako bakea dago, eta lan egin dezakegu»

Gaitzak gaitz, Debako zentroak helburua bete duela uste du Gipuzkoako harrera zerbitzuan lan egiten duen hezitzaile batek: «Adingabe magrebtarren arazoa konpondu da. Orain hemengoekin dauzkagu arazoak». Ez du izenik eman nahi hezitzaile honek, lanerako «konpromiso handian» jarriko litzatekeelako. Hezitzaile asko «antsietatearekin edo depresioarekin» daudela dio. Oso une gogorrak bizitzea egokitu zaie, izan ere: «Gainezka egin zuen arazoak, ez zegoen inor prestatua». Iruditzen zaio ez zela aurreikusi Gipuzkoak zenbat adingabe atzerritar har zitzakeen eta, haiek babestu beharrez, ez zela mugarik jarri: «Hoteletan zeuden, egunero 30 euro jasotzen, eta otordu guztiak pagatuta. Nola ez ziren, ba, etorriko baldintza horiekin? Denei lagundu behar zaiela pentsatzen dut nik; baina laguntzea ez da dirua eman eta alde egiten uztea».

Erakarpen efektu bat gertatu zela eta gazteak saldoka iristen hasi zirela azaldu du hezitzaileak. Tolosako harrera etxean, adibiderako, hogei lagunentzako lekuan 60 zeuden, eta beste 50 bat gazte zeuden hoteletan: «Hezitzaileak mehatxatzen zituzten, etxeko kristalak hausten, etxeei su emateko mehatxua egiten… Nahi zutena egiten zuten, eta hezitzaileek ezin zuten lanik egin».

Hezitzaile honek ezagutu ditu zenbait bortxaketa, lapurreta eta mehatxu egin dituzten gazteetako batzuk: «Berrehun eta gehiago gazte zeuden Gipuzkoan, eta 30ekin zeuden arazoak; baina haietako batzuekin ezin da ezer egin. Iruditzen zait hobe dela 30 zorrotz edukitzea, 150 betiko galtzea baino». Gazteen portaera aldatzeko, eta harrera sare arruntetik ateratzeko, zerbait behar zen, hezitzaile honen ustez. Bizkaian duela bi urte antzeko zer edo zer egin zela gogorarazi du, eta erakarpen efektua eten zela: «Ezinezkoa zen Gipuzkoan hainbeste gazte hartzea».

Debako zentroa zabaldu denetik, «gaizki portatzen denak badaki nora eramango duten», dio hezitzaile honek: «Orain sekulako bakea dago Gipuzkoako gainerako zentroetan, eta lan egin dezakegu». Bestalde, Deban bertan ere denborarekin egoera baretu egin dela uste du: «Han ere hasi dira jarduera eta lan batzuk egiten. Portaera aldatzen dutenek irtenbidea dagoela ikusi dute, eta batzuk sare arruntera itzultzen hasi dira. Debakoa ez da itzulera gabeko zentroa. Hori ez da egia».

Inkoherentzia asko eta adimen gutxi ikusi duela dio hezitzaileak. Gazte batzuk, «oso portaera eskasa» izan arren, ikastaroetara joaten dira, eta «txosten txukunak» dituzte; baina hori ez da aski haien egiazko portaera ezagutzeko, dioenez. Adingabe batzuek eskolak galtzen dituztelako ere kontua hartu izan diete: «Batzuek arazoa dute droga kontsumoarekin. Eta zer egin behar dugu? Dirua eman eta egun osoa hortik zehar ibiltzen utzi? Zentzu askorik gabe esan dira gauza batzuk».

SOS Arrazakeria, erne. «Segurtasunaz hitz egiten da; ez, ordea, heziketari buruz»

Harrera zerbitzuetan ez zegoen lekurik, eta horregatik ireki zuten Debako zentroa, Anna Stern SOS Arrazakeriako kidearen hitzetan: «Arazoak zeuden: droga kontsumoa, buruko nahasteak… Zentro arruntetan ezin zitzaien aurre egin horiei. Uste dugu ideia oso ondo dagoela; ikusten dugu sare arrunteko heziketa zerbitzuek, eta adingabeek ere bai, eskertu egin dutela. Baina Debakoak ezin dira aparkatuta utzi. Ez dago erantzun zehatzik haien arazo zehatzentzat».

Itxitura berria auzotarrak asetzeko altxatzen ari direla uste du Sternek: «Bitxia da; adingabeen kasuan, asko hitz egiten da segurtasunaz eta kontrolaz; ez da hitz egiten, ordea, heziketari buruz. Eta hesiak gazteen integraziorako balizko asmoa kontraesanean jartzen du. Aditzera ematen diegu arazo bat direla». Hesiak baino gehiago tratamendu espezializatua behar dela uste du, gazte bakoitzaren arazo zehatzen arabera jokatuta. Eta Deban dauden gazteek ez dutela tratamendu hori jasotzen nabarmendu du: «Eustera mugatzen dira. Bisitarik ere ezin dute jaso; han daude, bakartuta. Eta heziketa zentro gisa, ez du ezer. Orain irteeraren bat izan dute udan, baina ez da hori ohikoena». SOS Arrazakeriara jo izan dute Debako zentroko gazte batzuek, eta hainbat salaketa egin: egun osoan ez dutela jarduerarik, ez dietela uzten ikastaroetara edo tailerrera joaten…

«Hezkuntza baliabideak eskuratzeko edo paperak lortzeko modurik ez duten zentro batean itxita, ez dira konponduko ez droga kontsumoa, ez buruko nahasteak, ezta delinkuentzia ere», Sternen hitzetan. Lortzen dena zentrotik ihes egitea edo beste lurralde batera joatea dela uste du: «Onena alde egitea dutela ulertarazten zaie». Lurralde bakoitzak zenbat atzerritar adingabe har ditzakeen, kupoa zehaztuko ez balitz ere, «Deba funtzio bat betetzen ari da: gazteak Gipuzkoatik uxatzen ari da», Sternek dioenez. Diputazioari «nazioarteko araudietara moldatzeko» eskatu dio: bisitak baimentzea, heziketa eta aisialdia bermatzea… «Adingabeen interesa da garrantzitsuena. Horren arabera jokatzen da?».

Hemen ez da baretu egoera, eta Diputazioa ez da jarri gurekin harremanetan uda osoan»

AITOR HUERGO

Endoiako auzokideen lan taldea

Denei lagundu behar zaiela pentsatzen dut nik, baina laguntzea ez da dirua eman eta alde egiten uztea»

HARRERA ZERBITZUETAKO HEZITZAILEA

Ikusten dugu sare arrunteko adingabeek eskertu egin dutela. Baina Debakoak ezin dira aparkatuta utzi»

ANNA STERN

SOS Arrazakeria

Debara joaten dira, zigor gisa, salaketak pilatzen dituzten gazteak; baina batzuk oneratu egiten dira»

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

300.000

Hesia altxatzeko lanen aurrekontua. Debako harrera etxearen bueltan hesia egiteko lanek 300.000 euroko aurrekontua dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Debako Udalak ekin die lanei, gero Foru Aldundiak dirua itzultzeko tratuarekin.

Deban egondako zazpi gazte hartu dituzte Asturiasen

Garai batean Debako zentroan egon ziren zazpi adingabe atzerritar hartu ditu zaintzapean uda honetan Asturiasko (Espainia) administrazioak. Ez da lehen aldia. Duela bi urte, adingabeen fiskalak adierazi zuen Bizkaitik 30 adingabe bidali zituztela Asturiasera, autobusak ordainduta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)