Frantziak ez die inposatuko DNA azterketa elkartu nahi duten atzerritar familiei

Giza eskubideen aldeko elkarteek poza adierazi dute Frantziako Gobernuaren erabakia ezagutzean

Berria, , 15-09-2009

Erredakzioa.
Baiona

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian elkartu nahi duten familiei DNA azterketa inposatu nahi dien legea bertan behera gelditu daiteke. Erick Besson Frantziako Immigrazio ministroak jakinarazi du ez duela izenpetuko Parlamentuak onartutako legea. Orain bi aterabide daudela jakinarazi du, aldi batez gibelatzea edo betiko baztertzea.

«Ez dut legea izenpetuko eta hori arrazoi garbi batengatik: ezin dut oso-osorik bete legeak dioena, ez epeetan (2009ko abenduaren 31), ez legearen mamian». Legeak eztabaida ugari eragin zituen Frantzian bizi diren etorkinen familiei DNA azterketa inposatu nahi dielako senideekin biltzea lortzeko. Neurriak Afrika eta Asiako bederatzi Estatutan zuen eragina. 2007an onartu zuten legea baina Senatuak zuzenketa ugari erantsi zizkion. Gaur egun, dagoen bezala legea ez dela eraginkorra adierazi du Bessonek.

Senatuaren zuzenketen ondorioz, Frantziak kontsulatuan berean egin behar zien DNA azterketa etorkinei. Orain jakitera emandakoaren arabera, kontsulatu horiek ez dute gaitasunik DNA froga horiek segurtasunean atxikitzeko.

Elkarteen poza

Giza eskubideen alde diharduten elkarteak pozik daude Bessonen erabakia ezagutu ondoren. Izan ere, lege egitasmoaren berri ukan zutenetik, hainbat helegite egin zituzten, Frantziako konstituzioa urratzen zuelakoan.

«Elkartu ahal izateko familiei DNA azterketa inposatzen zien legea beheko errekara joan da behin betiko, eta pozik egoteko berria da hori», jakinarazi du SOS Arrazakeria elkarteak.

Elkarteek nabarmentzen dute mobilizazio handia eragin duela lege egitasmo horrek. Mobilizazioaren ondorioz, diputatu eta senatariek ez dute ukan bidea zabalik eta saihestu nahiko zituzketen hainbat neurri onartu behar izan dituzte. SOS Arrazakeriaren aburuz, legeak etorkinak eta iruzurtiak parekatu nahi zituen, baina nahasketa hori indarrean ezartzeko legea korapilatsuegia zen eraginkorra izateko. Teknikoki bideragaitza izateaz gain, etikoki sostengaezina dela adierazi du elkarteak.

France Terre d’asile elkarteak Bessonen erabakia txalotu du, 2007ko legea zentzugabekoa zela azalduz. DNA frogaz gain, etorkinei traba ugari inposatzen zaizkiela gogorarazi du, hala nola egonaldirako baldintzak, etxebizitzaren ezaugarriak edo diru iturriak.

Frantziako Batzorde Konstituzionalak legea onartu zuen baina mugak ezarriz. Ebatzi zuen legea ezin zela sistematikoki jarri indarrean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)