Falangeak kontzentrazioa egingo du Arenysen igandean

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakia gaitzetsi eta ulertezintzat jo dute ERCk, CiUk eta ICVk

Berria, , 10-09-2009

Erredakzioa.

«Auzitegi Nagusiaren erabakia ezin da ulertu, begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola», adierazi du Kataluniako Generalitateko Gobernazio ministro Jordi Ausasek. ERC Esquerra Republicana de Catalunyakoa da Ausas. Alderdi horrek, CiU Convergencia i Unio eta ICV Iniciativa per Catalunya-Verds taldeek gaitzetsi egin zuten atzo Kataluniako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia. Azken horrek baimena eman dio Espainiako Falangeari igandean Arenys de Munten kontzentrazioa egiteko. Egun horretan bertan Kataluniako autodeterminazioari buruzko galdeketa zuten egitekoa Bartzelonako herri horretan. Horiek hala, Generalitateak agindu zuen eskuin muturrekoen ekitaldia atzeratzeko. Baina Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du eskaera, eta, aldiz, berretsi egin du galdeketa egiteko debekua. «Liskarrak sortzeko arriskua handia da, baina protesta atzeratzea ez litzateke erabaki proportzionala, hari berezko izaera kenduko liokeelako», dio Auzitegi Nagusiaren ebazpenak.

CiUko Parlamentuko eledun Oriol Pujolen iritziz, baina, Estatutuak eta erakunde pribatu batek antolatutako galdeketak eragin duen erreakzioa «neurriz kanpokoa» da. ERCko bozeramaile Anna Simoren arabera, berriz, ez du zentzurik liskarrak eragingo dituen talde falangistaren manifestazioa baimentzea, eta, aldiz, Udalari debekatzea erakunde bati bere azpiegitura eskaintzea. Erabaki tamalgarritzat jo du ICVko eledun Dolors Camats.

Sozialistak, isilik

PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak, bitartean, ez du adierazpenik egin ez galdeketari buruz, ezta Falangeak deitutako kontzentrazioari buruz ere. PSC nagusi da Kataluniako Generalitatean. Kataluniako Alderdi Popularreko buru Alicia Sanchez-Camachok, berriz, goratu egin du epaitegien erabakia, eta «independentisten zorakeriak» gelditzera deitu ditu agintariak. Ciutadanseko Albert Riverak azalpenak eskatu dizkio Gobernazio kontseilariari, «Gobernazioko kontseilariak ezin du alderdikeriaz jokatu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)