Zirrikituetatik begira

Izarren hautsa

Deia, 20-07-2009

Kritikak kritika eta iritziak iritzi, Sanferminetako izar kulturala Manolo Escobar izan da. Artaxonako musika bandak lagunduta eskaini zuen emanaldia, eta Gurutzeko Plazan 8.000 bat entzule bildu zituen. Fangoria taldea albo batera utzita, nik dakidala inongo artistak ez du aurten Almeriako kantariak beste jende erakarri.Yolanda Barcina alkateak horrela marraztu du paisaia: “Total éxito de público”. Eta arrazoi du.

Batek pentsatu ahal du “tragedia” hori oraingo Iruñean baino ezin dela gertatu. Eta era horretara ahaztuko du lehengo Iruñean ere jazo dela horrelakorik, eta areago: duela zenbait urte Juan Pardo izan zen Gasteizko jaietan arrakastatsuena, eta hain juxtu datorren hilean, abuztuaren 20an, Raphael izango da Bilbon. Eta ikusiko.

Kostata bada ere, abertzale eta euskaltzale gehienek aspaldi hartu dute aintzat bertoko konstituzionalistaren existentzia. Hitzak ederrak baitira, maiz esaten dugu aniztasun ideologikoek aberastu eta desberdintasun patriotikoek hobetzen gaituztela. Hala ere, nago ez ote den zoritzarrez pairatu eta nahitaez onartu behar dugun egoera, eta ez pozik bilatu eta gustura txalotzen duguna.

Espainolismo politikoa, dena dela, plazer handiz edo derrigorrez onartua dugu jada. Baina espainolismo kulturala, identitate espainola, alegia, abertzale eta euskaltzaleen artean oraindik ez da benetan den bezain hemengotzat hartzen. Eta hori larria izanik, larriena beste gauza bat da: izan ere, nork nahi duen adierazpide kulturala bere egiteko eskubidea duen arren, ez dut uste horrela erabakita atzerritar edo kanpokotzat jotzeko eskubidea duenik. 1980an honako hau idatzi zuen El Topo aldizkarian Kataluniako Hizkuntza arloko sailburuak: “Las comunidades inmigrantes tienen un grado de conciencia cultural muy bajo, de modo que no se trata de desarraigarlos de una cultura que no tienen.” Orduko eta hango etorkinei Manolo Escobar izugarri gustatzen zitzaien, eta politikari nazionalista haren ustez hori ez zen, jakina, kultura. Hiru hamarkada igarota, gurean, eta haienean, ez dugu askorik ikasi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)