Frantzian berriro epaituko dituzte judu bat hiltzeagatik zigortutakoak

Iliam Halimiren hilketan zerikusia izan dutenentzat zigor astunagoa eskatu dute juduen aldeko taldeek

Berria, , 15-07-2009

Erredakzioa.

Parisko Fiskaltzak aintzat hartu du Michele Alliot-Marie Frantziako Justizia ministroaren eskaria. Hala, 2006an judu bat hiltzeagatik zigortutako 24 lagunetatik hamalau berriro epaituko dituzte. Joan den larunbatean zigortu zituzten 24ak, baina juduen aldeko erakundeak haserre agertu dira, kondenak arinegiak direlakoan. Justizia ministroaren ekimena, horregatik, esku zabalik hartu dute Frantziako juduek. Magistratuen Batasun Sindikala, ordea, «kezkatuta» agertu da.

Ilian Halimi 23 urteko gaztea 2006ko otsailaren 13an aurkitu zuen Poliziak, Paris inguruan. Gorputzaren %80 erreta zeukala eta hilurren aurkitu zuten. Barbaroen Banda deritzon taldeak 24 orduz eduki zuen bahituta, eta hilurren utzi arte torturatu zuen. Poliziak hura aurkitu zuenean, baina, larri zen Halimi; ondorioz, gutxira hil zen.

Gaztearen hilketak gogor jo zuen Frantziako gizartea. Haren hiletan milaka lagun bildu ziren, eta arrazakeriaren eta antisemitismoaren aurka egindako manifestazioetara ehunka lagun joan ziren.

Zigor gogorragoen eske

Youssuf Fofana jotzen dute Barbaroen Bandako buruzagitzat. Eta Ilian Halimiren hilketaren haritik ere, hari ezarri diote zigorrik astunena. Frantziako Zigor Kodeak aurreikusten duen gehienezko espetxealdia bete beharko du; 22 urte, alegia. Eta, horregatik, zigor gogorragorik ezarri ezin diotelako, ez dute Fofana berriro epaituko.

Ilam Halimi lotu eta haren gorpua gasolinaz blaitu izana onartu zuen epaiketan bandako buruak. Baita dozena labankada sartu ondotik, trenbidera bota izana ere. Gertatutako guztia aitortu zuen Fofanak, baina ez zuen horregatik damurik agertu. Are gehiago, egindakoagatik harro sentitzen zela adierazi zion epaimahaiari; «Juduak nire etsaiak dira», oihukatu zuen.

Fofanak merezitakoa jaso duela uste dute juduen aldeko erakundeek; aldiz, gainontzeko kondenatuei zigor astunagoa jartzeko eskatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)