Ni ez naiz...

Berria, Uxue Apaolaza, 12-07-2009

Niri ere beldurra emango lidake akademia horretan zuloak irekirik uzteak» zioen Ristok OT-ko azken galan, Jesus Vazquez-engan erreakzioa sortuz. Grazia egiten didate egoera horiek, non lehenengo hitz egin duenak dioen ezetz, bera ez dela homofoboa; tira, ba esan zenuena, bai. Esaldi asko entzuten dira desenkusa berarekin; «ni ez naiz homofoboa, baina…», «ni ez naiz arrazista, baina…».

Zugaztietan ijito familia bat beren herrira bizitzera joan denean etxe aurrea kartel iraingarriz bete, eta bertan geratzea onartu arte estatuko segurtasun altuko eremuren batera joan balira baino azalpen gehiago emanarazi dieten bizilagunek ere ez dute arrazakeriaz egin; gerta daitekeenaren beldurrez baizik. Noski, baina beldur horri deitzen zaio arrazakeria de toda la vida. Errenterian bortxaketa bat gertatu dela-eta etorkinen komertzioen aurrean kontzentratzen direnak ere, bai zera, ez dira arrazistak. Zergatik orduan ez dira bortxatzailearen sexu berekoen komertzioen aurrean kontzentratzen, edo haren adin berekoen etxe aurrean? Arraza bada protesten helburu direnak aukeratzeko erabilitako irizpidea, nahiko argi dago. «Ni ez naiz arrazista, baina…» bazara; zergatik gara gero eta gehiago, gainera?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)