Peio Aierbe SOS Arrazakeriako kidea

«Ez dira gaizkile»

Berria, Mikel Peruarena, 10-07-2009

Donostia

«Kanpotik ikusita sexu eraso bati lotutako arazoa dirudien arren, kontua konplexuagoa da». SOS Arrazakeriako kide Peio Aierbe (Donostia, 1950) kezkaz ari da ikusten Errenterian (Gipuzkoa) gertatzen ari dena. Droga trafikoa eta prostituzioa aspaldiko arazoak dira Iztieta auzoan. «Batzuk benetako arazoak dira», onartu du Aierbek. Baina arazoen errua eta ardura marokoarren komunitateari egotzi diete auzotarrek. «Gizartearen planteamenduak ez dira xenofoboak; aniztasuna-eta onartzen dira diskurtsoan, baina istiluak agertzen direnean betiko dinamikak ateratzen dira», nabarmendu du Aierbek. Donostian gertatu zen antzekorik. Igeldon (Gipuzkoa), berriz, zenbait herritarrek adingabeentzako zentroari su eman ziotela oroitarazi du. «Xenofobia dinamika kezkagarriak sortzen ari dira», ohartarazi du.

Aierbe Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan izan zen atzo, Donostian. Helmugako herrialdean erreferentzia heldurik ez duten adingabe migranteak hitzaldia eman zuen. Aierberen ustez, Administrazio publikoak ez du «bere esku dagoena» egiten adingabe etorkinen eskubideak bermatzeko: «Zabaldua dago honako hau: ondo funtzionatzen badugu, etorriko dira izugarri pila [migratzaileak], deialdi efektua izango du».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak iaz, adingabeentzako zentro batean aurkitu zuen egoera jarri du adibide gisa: hamabost lagunentzako lekuan ia 50 zeuden; herri hartako Udalak ez zien erroldatzen utzi gehienei; gehienez ere, zentroan bi hilabete egon baldin balitezke ere, batzuek urte erdia zeramaten bertan… Neurri batzuk hartzea oso erraza litzatekeela adierazi du Aierbek: paperak arauz jartzea, edo ikasketak egiten uztea, adibidez adingabe batzuei ez diete ikasketa bereziak egiten uzten. Administrazioek «inprobisatu» egin dutela eta arazoaz «libratzen» saiatu direla salatu du. Zerbitzuak pribatizatzeak ere ez du onik egin, Aierberen ustez.

Kanporatzea helburu

Adingabeei buruzko lege eta arauek «errespetua» adierazten diete nerabeei, Aierberen hitzetan, «baina mehatxupean daude lege horiek». Espainiako Atzerritarren Legean, esaterako, «irizpide orokorra hemendik kanporatzea da, ez adingabearen interesa bermatzea». Legeak lege, «atzerritar modura ikusten ditugu, adingabe modura ikusi baino lehen», Aierbek dioenez. Atzerritarren Legeak adingabeak kaleratzeko bidea erraztu duela, eta foru aldundiak horrekin bat agertu direla salatu du Aierbek.

Aierbek azaldu duenez, «gatazkatsutzat» jotzen diren gazte batzuk SOS Arrazakeriaren egoitzan egonak dira. «Ez dira gaizkile, ez dute inor hil», adierazi du. «Gaztetxo bakoitza mundu bat da», Aierbek dioenez, eta arreta berezia behar du bakoitzak: «Interbentzioa egiten saiatu behar da; ezin da esan betiko galdu direla». Aierberen hitzetan, beharrezko da «tresnak jartzea eta eskubideak errespetatzea, eskubideak baitira, ez pribilegioak. Egin litekeen txarrena politika berarekin jarraitzea da, nahiz eta jakin horrek ez duela funtzionatzen. Penagarriak dira emaitzak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)