Magrebtarren aurka

Auzotarrek azken egunetan egin dituzten protestak «bidegabeak eta zentzugabeak» iruditzen zaizkie etorkinei Errenteriako Udalak «lasai eta zentzuz» jokatzeko eskatu die Iztietako auzotarrei

Berria, Ainara Arratibel. Errenteria , 10-07-2009

«Ondo ulertzen dut auzotarren haserrea eta mina. Haiek bezainbesteko indarrarekin salatzen dut aurreko asteko sexu-eraso ahalegina. Baina ez zait bidezkoa iruditzen gurekin egiten ari direna». Modou Diopen hitzak dira, Errenteriako Iztieta auzoan (Gipuzkoa) 17 urte daramatzan etorkinarenak. Auzoko mintzaleku batean lan egiten du, eta «tristuraz» ikusten du hainbat etorkinen saltokien aurrean bizilagunak egiten ari diren protestak. Auzo elkartetik protestak ez direla «arrazakeria kontua» diote. Baina etorkinen artean beldurra eta kezka dira nagusi.

Aurreko astean ustez etorkin adingabe batek emakume bati sexu erasoa egiten ahalegindu ondotik hasi zituzten auzotarrek protestak. Egunero, iluntzean, etorkinen hainbat saltokiren aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. SOS Arrazakeriak salatu duenez, Alde hemendik!, Joan zaitezte zuen herri madarikatura! eta halako irain eta mehatxuak entzun behar izan dituzte. Atzo, gainera, manifestazioa egin zuten: Iztieta-Ondartxo: Indarkeriarik gabeko auzo seguru batengatik lelopean. Ehunka lagun bildu ziren, baina oraingoan isilpean egin zuten bidea. Tartean baziren hainbat magrebtar.

Protestak aurrean izan dituen saltokietako bat da Eissa mintzalekua. Ahmed Eissak zazpi urte daramatza bertan lanean. Duela 14 urte iritsi zen Marokotik Errenteriara. «Ulertezina» iruditzen zaio auzotarren jokabidea. «Oso gaizki» daudela dio. «Etorkinen batek zerbait gaizki egin badu, ordain dezala. Baina guk ez dugu ezer egin. Zergatik ordaindu behar dugu guk haiek egindakoa?».

Diop bat dator horrekin. «Gustura eta zalantzarik gabe» hartuko luke parte sexu erasoaren ahalegina salatzeko protesta batean, baina garbi dauka egun hauetako elkarretaratzeen helburua ez dela hori. «Nola hartuko dut parte nik etorkin guztiak alde egiteko eskatzeko protestetan?».

Jada hasi dira igartzen egun hauetan gertatzen ari denaren lehen ondorioak. «Azken egunotan jende gutxiago dabil mintzalekuan. Protestak ikusita, jendeari beldurra ematen dio sartzea. Aurreko batean, adibidez, mintzalekutik atera zen emakume bati oihuka eta joka eta hasi zitzaizkion. Beldur gara ez ote den zerbait larriagoa gertatuko».

Horrek eta krisi ekonomikoak gogor zigortu ditu saltoki horiek. «Guretzat ere urte gogorra izaten ari zen, eta honekin are okerrago jarri zaizkigu gauzak», azaldu du Eissak. Batzuek saltokiak ixtea ere aztertzen ari dira. Egoera hori guztia kontuan hartuta, neurriak hartzeko eskatu diote Udalari. «Elkarrizketa da bidea», Diopen hitzetan.

Auzotarren artean iritziak askotarikoak dira. Mintzalekutik gertu igaro den bikote batek ez ditu protestak ulertzen: «Alabarekin maiz sartzen gara mintzalekura gozokiak erostera, eta jende zoragarria da». Neurrigabea iruditzen zaie azken egunetan auzoan ibilitako ertzain eta udaltzain kopurua.

Badira, ordea, protesten alde daudenak. «Maiz egoten dira kola esnifatzen, eta istiluak sortzen. Larunbat gauetan, adibidez, taberna asko itxi egin behar izaten dituzte istiluen beldur. Duela gutxi, adibidez, paperontziak puskatzen aritu ziren», adierazi du auzoko emakume batek.

Auzo elkarteak dio «bat-batean» sortu zela protestak egiteko ideia. «Giroa aspalditik zegoen gaiztotuta auzoan», dio auzo elkarteko Miguel Harinak. «Droga trafikoa, lapurretak, erasoak… Auzotarrak beldurrez daude. Adineko jendea beldur da gaueko bederatzietatik aurrera kalera ateratzeko, eta baita gazteak ere».

Jendea «nekatuta eta nazkatuta» dagoela dio Harinak. «Eskubide eta askatasun osoa du jendeak protesta egiteko. Garbi gera dadila, gainera, protestak ez ditugula etorkinen saltoki guztien aurrean egiten, zehatz batzuetan baizik. Arrazistak garela diote askok, baina gure helburu bakarra auzoan genuen bizi-kalitatea eta ongizatea berreskuratzea dira». Udalari ere neurriak hartzeko eskatzen diote: «Bada garaia zerbait egitea».

Atzoko manifestazioarekin amaitutzat eman dituzte protestak, baina iragarri dute gertutik jarraituko dituztela Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak iragarritako neurriak.

Udalaren eskaria auzotarrei

Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak agiria onartu zuen atzo azken egunetako gertaerei buruz. «Lasaitasunez eta zentzuz» jokatzeko eskatu diete auzotarrei. «Arazoa ez da immigrazioa, delinkuentzia baizik. Bidegabeak izan daitezkeen ondorioak ez ateratzeko eskatzen diegu auzotarrei», dio agiriak.

Udal ordezkarien aburuz, Iztieta auzoa beti izan da kulturen arteko bizikidetzaren eredu. Duela hamar urte zabaldu zen mezkita jarri dute horren adibide. «Bizikidetza, ordea, gaiztotua dago auzoko lasaitasuna eta bakea apurtzera etorri diren gaizkile batzuengatik». Udalaren helburua «auzotarren segurtasuna bermatzea eta normaltasun soziala berreskuratzea» dela jasotzen du agiriak.

Magrebtar zenbaitek gaur manifestazioa egingo dute

Auzoan gertatzen ari diren liskar eta lapurreten aurka agertu dira Iztietako magrebtarrak ere. Atzoko manifestazioarekin ez zutela bat egingo adierazi zuten haietako batzuek, etorkin guztiak erruduntzat jo dituztelako. Horregatik, aparte egingo dute protesta, gaur, 15:30ean, auzoko mezkita aurrean.

806

Iaz Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuek jaso zituzten eskariak. Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuek seniderik gabeko etorkin adingabeen 806 eskaera jaso zituzten iaz. Bizkaian 440 jaso zituzten, Gipuzkoan 225 eta Araban 141. Nafarroan ez zuten eskaririk izan.

Lasaitasuna eskatu du Markel Olano ahaldun nagusiak

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok adierazi du xenofobia joerak igarri dituela Errenteriako Iztieta auzoan (Gipuzkoa) gertatzen ari diren protesta ekintzetan. Protesta egitea zilegi dela, baina jokabide horiek ez direla «onargarriak» nabarmendu du Olanok, eta lasaitasunerako deia egin du.

Urretxun eztabaida hasiko dute, bizikidetza hobetzeko

«Jatorri ezberdineko pertsonek elkar onartzea lortu, eta horrela bizikidetza hobetu nahian», eztabaida prozesua hasiko dute Urretxuko Udalak eta Anitzak elkarteak. Oraingoz, herriko taldeekin harremanetan jarri da Anitzak, Urretxun zer-nolako migrazio prozesuak dauden aztertzeko.

%9,93

Errenteriako delituetatik, Iztietan gertatzen direnen ehunekoa. Iztieta auzoan Errenteriako biztanleen %10 bizi dira 3.500 herritar; Ertzaintzaren arabera, berriz, Errenterian izan diren delitu eta arau-hausteen %9,93 auzo horretan izan dira. Iaz %11,92 izan ziren.

%13

Immigrazioa arazotzat daukatenen ehunekoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %13k arazotzat jotzen dute immigrazioa, Ikuspegi immigrazioaren behatokiaren 2008ko txostenaren arabera. Ehunekoa igo egin da urtebetean; 2007an, %7 ziren.

Aralar: «Iztieta auzoa hondatzen utzi du Udalak»

«Iztieta auzoa hondatzen utzi du Udalak», Aralarren arabera, eta giroa txartu aurretik uste du erakundeek «lehenbailehen» hasi behar dutela lanean. Gizarte eragileen eta udal gobernuaren arteko elkarrizketaren alde egin du; aldiz, kontrola zorroztea eta txabolak botatzea ez dela konponbidea adierazi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)