Arroza, kulturen arragoa

Kultur Aniztasunaren Munduko Arrozak jaia egingo dute etzi Bilbon, Iruñean, Donostian eta Durangon

Berria, , 18-06-2009

Ibai Maruri.
Bilbo

Festarako aitzakia ez ezik, aldarrikapenerako eguna ere bada Munduko Arrozak izeneko jaialdia. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Berregokipenaren Taldeen Koordinakundea izaten da antolatzailea. Larunbatean egingo dute, seigarren urtez. Antolatzaileen esanetan, «gizartearen parte-hartzea, bizilagunen arteko hartu-emanetan normaltasuna bermatzea eta beste herrialde batzuetatik etorri diren auzokideak integratzea» dituzte helburu.

Munduko hainbat kulturatako jakia da arroza. Hala ere, bakoitzak prestatzeko bere modua dauka, nahasketak egiten dituelako. Askotariko kolore eta zaporeak izan ditzake hartara. Horrela, bada, igandeko jaialdian parte-hartzaileetako bakoitzak bere errezetari jarraituz prestatu beharko du. 10:00etan hasiko dira mahaiak jartzen, eta orduan eman beharko da izena lehiaketan.

Goiz osoa izango dute sukaldari lanetan aritzeko. Gutxi gorabehera, 2.000 lehiakide inguru izatea espero dute Bilboko Mariaren Bihotza plazan arroza prestatzen ibiliko direnak. Orotara, 70 talde. Bien bitartean festa girorik ez da faltako. 11:00etan haurrentzako tailerrak irekiko dituzte, eta zenbait musika eta folklore taldek saioak egingo dituzte. Ordu berean, hiru orduko saio berezia hasiko du Tas-Tas irratiak, festagunetik bertatik. Ordu horretan ibiliko dira Sanfran Korue abesbatzako kideak ere auzoko kaleetan, hara eta hona, kantuan.

Kulturaz betetako arratsaldea

Eguerdian herri bazkarian elkartuko dira guztiak. Menuan izarra arroza izango da. Horregatik mahaian eseri aurretik lehiatuko diren platerak dastatu egingo dituzte, sariak banatzeko.

Arratsaldean gastronomiarekin lotura gutxiago duten beste kultur arlo batzuk jorratuko dituzte. 15:00etan Rask Al Haia dantza konpainiak, Basket Tribal Groupek, Elkartu taldeak eta auzoko emakumeek hainbat herrialdetako dantzak bilduko dituen emanaldia eskainiko dute. 16:00etatik aurrera, berriz, musikari egingo diote tartea. Hiru orduz ordu erdiko kontzertuak izango dira: jazza, bluesa, runba, flamenkoa, arabiar musika…

Bilbon ez ezik, Munduko Arrozak jaialdia Durangon (Bizkaia), Donostian eta Iruñean ere egingo dute. Uztailaren 4an Gasteizen egingo dute, eta uztailaren 6an, Irurtzunen (Nafarroa).

MUNDUKO ARROZAK

Non. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Durangon (Bizkaia).

Noiz. Larunbat honetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)