Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak «nahastuta» daude immigrazioa dela eta, Ikuspegiren Tolerantzia Indizearen arabera; ezaugarri soziodemografiko batzuk jarrera irekiagoekin lotzen ditu.

Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren zantzuak

Berria, , 17-06-2009

Jon Rejado.
Gasteiz

Batean kale, bestean bale. Bitariko jarrerak ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleriak immigrazioarekiko, baina muturretara heldu gabe. Biztanleen jarrera 0tik 100era bitarte baloratuz gero 0 muturreko xenofobia eta 100 jarrera irekiena 58,7 puntukoa da EAEko gizartearen batez bestekoa. Immigrazioarekin «apur bat nahastuta» dagoela esan daiteke, Jose Antonio Oleaga Ikuspegiko Ikerketa zuzendariak azaldutakoaren arabera. «Egoera batzuetan oso jarrera ulerberak ditugu, baina beste batzuetan mesfidatiak gara; Jekyll doktorea eta Hyde jaunaren zantzuak ditugu».

Ondorio horiek lortzeko 2007ko eta 2008ko Barometroetako datuetan oinarritutako «joko estatistikoa» egin du Ikuspegik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartea hobeto irudikatu ahal izateko. 2009ko Barometroko datuekin gauza bera egingo du, biztanleen jarreraren bilakaera ikusi ahal izateko.

Jarreraren arabera gizartea hiru multzotan banatuz gero, immigrazioaren inguruan uzkur direnen taldeak 37 puntu ditu, eta gizartearen %20 inguru hartzen du. Jarrera irekiena duen taldeak, gizartearen %40 inguruk, berriz, 71 puntu ditu. Bi multzo horien artean dagoen aldea «estatistikoki adierazgarria» da, baina ez du muturreko jarrerarik erakusten. Bi talde horien artean dagoen pertsona multzoa, bitariko jarrerak dituena, 50 puntu baino apur bat gehiago ditu.

Hezkuntza mailaren indarra

Immigrazioarekiko jarrera irekia edo uzkurra dutenen arteko aldea agerian uzteaz gain, beste hainbat esparru landu ditu Ikuspegik Tolerantziaren Indizean. Alderdi positiboak eta negatiboak uztartzen dituen arren, hainbat aldagai soziodemografikok tolerantzia mailak bereizteko aukera ematen dute. Horien artean, ikasketa mailarena nabarmendu du Ikuspegik. Hau da, biztanleen prestakuntza maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta jarrera positiboagoa dute immigrazioaren inguruan.

Ikuspegik nabarmendu dituen beste aldagai soziodemografikoen artean ideologia politikoa dago, eta ez horrenbeste euskal edo espainiar nazionalismo mailarekin lotutako jarrerak beste ikerketa batzuk adierazten zutenaren kontra. Norberaren egoera ekonomikoaren balorazio subjektiboa eta hileko diru sarrera garbiak ere adierazgarriak direla dio Ikuspegik.

Azken aldagaia norberaren erlijiozaletasunarekin lotuta dago, hau da, katolikoak direnek jarrera itxiagoa dute immigrazioarekiko, agnostikoak edo ateoak baino. Datu hori adierazgarria den arren, beste herrialde batzuetan ere gertatzen dela adierazi du Oleagak; dogmarekin eta aldaketekiko malgutasun txikiagoarekin lotzen du Ikuspegik datu hori.

Gizartearen argazkia hori dela eta, «ez da zaila» EAEko immigrazioa kudeatzea, Ikuspegiren iritziz. Administrazioak lidergo handiagoa izan beharko lukeela uste du, gizarteak jakin dezan nola jokatu behar duen gertatzen ari den aldaketa prozesuan. «Eguneroko egoerak kudeatzeko baliabideak behar ditu gizarteak; immigrazioaren kasuan, Administrazioari dagokio baliabide horiek jartzea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)