Etorkinak ez dira arazo EAEko herritarrentzat, errezeloa sorrarazi arren

Ikuspegiren 2009ko Barometroaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleengan zerbait okertu da etorkinei buruzko irudia Ekonomiari eta gizarte zerbitzuei dagozkien arloetan dute iritzirik txarrena herritarrek

Berria, Garikoitz Goikoetxea. Bilbo , 17-06-2009

Etorkinak arazotzat hartzen ez dituzten arren, haiekiko errezeloa handitzen ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Ikuspegiren 2008ko Barometroaren ondorio nagusia da. Herritarren %13k dute arazotzat immigrazioa, iaz baino %6 gehiagok. Hala ere, alde handiz, herritar gehiagok dituzte arazotzat langabezia, etxebizitza eta ETA.

Ikuspegiko arduradunen esanetan, oro har, «jarraitutasuna» adierazten du aurtengo Barometroak, nahiz eta aldaketa batzuk izan diren. «Nolabaiteko errezelo baten ataria erakusten dute; orain arteko onarpen zabala matizatu egin da», esan du Xabier Aierdi Ikuspegiko zuzendariak.

Ekonomiari eta gizarte zerbitzuei lotutako gaietan izan dira aldaketarik nabarienak, etorkinen irudiaren kaltean. Igo egin da etorkinek soldatetan eta gizarteko sektore ahulenetan kalteak egiten dituztela uste dutenen kopurua. %48k diote soldatak jaitsi egin direla etorkinak etortzearen ondorioz iaz baino %6,5 gehiagok; eta %77 dira deritzotenak etorkinak etortzea kaltegarri dela pobreenentzat.

Etorkinek ekonomian eragiten dituzten onurak, ordea, gero eta gutxiagok sumatzen dituzte. Herritarren ia erdiek uste dute etorkinek ekonomia hobetzen laguntzen dutela, bertokoek nahi ez dituzten lanak hartuta. Iaz, hori bera ziotenak %56 ziren.

Ekonomiari onura gutxiago, eta gizarte zerbitzuetan gero eta pisu handiagoa. Areagotu egin da etorkinek gizarte zerbitzuak gehiegi erabiltzen dituztela irizten diotenen kopurua. Egun, hamar herritarretik ia zazpik uste dute hori, eta behera egin du etorkin guztiei gizarte zerbitzuak eman behar zaizkiela uste dutenen kopuruak.

Bi herenek diote osasun zerbitzua etorkin guztiei eman behar zaiela, legezko egoeran egon edo ez iaz %71 pasa ziren; hezkuntza bermatu behar zaiela uste dutenen kopurua ere jaitsi egin da: %60 dira aurten, %65 iaz. Ordea, igo egin da etorkinei gizarte laguntzak eta BOE babes ofizialeko etxebizitzak eman behar zaizkiela uste dutenen kopurua. Ikuspegiko arduradunen esanetan, krisiak eragindako larrialdi egoerak zerikusia izan dezake erantzun horietan. Kontrakoa gertatu da etorkinek batzeko eta botoa emateko duten eskubidearen inguruko erantzunetan. %22k diote etorkinek ez dutela eskubiderik izan behar senideak ekartzeko, eta %15ek diote ez dutela eskubiderik izan behar botoa emateko.

Zergetan ere ikuspegi ezkorra dute herritarrek. Hamarretik zazpik adierazi dute etorkinek ordaindu baino gehiago jasotzen dutela zergetan. Ikuspegiko zuzendari Xabier Aierdik esan du uste hori «oso errotua» dagoela gizartean, nahiz eta errealitatearekin zerikusirik ez duen.

«Gehiegi, eta delitugileak»

Etorkinak arazotzat ez badituzte ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar biztanletik zortzik diote EAEn etorkin gehiegi dagoela. Galdetutakoek kalkulatu dute EAEn herritarren %17 direla etorkinak, nahiz eta, errolda datuak kontuan izanik, %6 baizik ez diren. Datu hori emanik ere, hamar biztanletik seik jarraitzen dute esanez gehiegi direla. Aurreko urteetako barometroetatik ez da askorik aldatu datua. Aierdiren esanetan, «gainerrepresentazioa» da horren arrazoia; alegia, gizarteak joera duela uste izateko errealitatean baino etorkin gehiago daudela gure artean.

Etorkinek hiri segurtasunean eragin kaltegarria dutela diote herritarren erdiek. Iaztik, %6,5 egin du gora hori diotenen kopuruak. Ikuspegiko adituek diote oraindik ere oso errotuta daudela «aurreiritzi ezkorrak eta estereotipo faltsuak» etorkinen inguruan.

Horren guztiaren bidetik, hamar herritarretik bat bakarrik azaltzen da etorkinei oztoporik gabe etortzen uztearen alde. %83k diote lan kontratua dutenei bakarrik eman behar zaiela baimena etortzeko. Ikuspegik ondorioztatu du «bermetzat» jotzen dutela herritarrek lan kontratua, ziurtasuna sortzen duelako, eta susmo txarrak saihesten.

Kulturan, asimilaziorantz

Kultur aniztasunaren inguruan ere ezkorragoak dira datuak iazko urtearekin alderatuta. Herritarren erdiek esan dute ona dela gizartearentzat beste kultura, etnia eta erlijio batzuetako pertsonak izatea; iaz, %55ek esan zuten. Handiagoa da etorkinek euren kultura utzi behar ez dutela eta haien erlijioak kalterik sortzen ez duela uste dutenen kopurua.

Aniztasuna ontzat jo arren, lau herritarretik batek dio hizkuntza bateratua behar dutela bertokoek eta atzerritarrek kontuan izatekoa da hori defendatzen dutenak hamarretik bost zirela iaz. Ohiturak bateratzearen alde dira hamar herritarretik lau.

Bateratze horren ardura etorkinen esku uzten dute herritar gehienek, eta iaztik gora egin du hori uste dutenen kopuruak. %85en iritzian, etorkinek ahalegindu beharko lukete hemengo ohituretara egokitzen; %65ek diote beharrezkoa dela bertoko legeen aurka doazen etorkinen ohiturak baztertzea.

Bertokoek ez dute uste ardurarik dutenik bateratzeko lanean. %56k diote hemengo herritarrek ez dutela zertan ahaleginik egin beste kulturetako ohiturak ezagutzeko eta haietara egokitzeko. Hamarretik bederatzik ez lukete ongi ikusiko bertako ohiturak aldatzea bizikidetza hobetzeko.

Bateratzea onuragarri litzatekeela uste arren, immigrazioak euskal identitateari eta euskarari ez dio kalterik egiten, herritarren gehiengoaren esanetan. Bostetik bat baino ez dira uste dutenak euskal identitateari, abertzaletasunaren helburuei eta euskararen garapenari oztopoak jartzen dizkiola atzerritarrak etortzeak.

Krisiaren ondorio?

Aurtengo apirilean eta maiatzean egindako 1.200 inkesta ditu oinarri Ikuspegiren 2009ko Barometroak. Izandako emaitzak eta azterketa egindako garaia kontuan izanik, uste izatekoa da krisiak eragina izango zuela erantzunetan. Aierdik esan du eraginen bat izango zuela, baina ez dutela zehazterik norainokoa. Orain, datuok baliatuta, Tolerantzia Indizea egingo dute. Ikuspegiko Ikerketa arduradun Jose Oleagak aurreratu du «ozta-ozta» lortuko dutela nahikoa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)