Baionako portuan daude Uztaritzera heldu nomadak

Uztaritzera heldu orduko Herriko Etxeak handik kanporatu ditu, haiek hartzeko «leku egokirik» ez dagoelako

Berria, , 16-06-2009

Aitor Renteria.
Uztaritze

Urtero bezala, uda hurbiltzean, nomadak edo bideko jendeak Lapurdiko kostaldera joaten dira. Igande iluntzean, 80 bat karabana heldu ziren Uztaritzera, Milafrangarako errepidearen saihetsean dagoen paduran kokatzeko asmoz. Alta, Herriko Etxeak harkaitz batzuk jarriak zituen bidean, padurarako sarrera saihesteko. Atzo goizean, azkenean, jendarmeriak debekatu zien herrian gelditzea. Luze negoziatu ondoren, Baionako portura eraman zituzten, Saint Bernard deritzon tokira.

Uztaritzeko auzapezak azaldu zuen ez zekiela bideko jendeak etorriko zirela, eta horregatik zegoela itxirik harrera gunea. Igande gaua, hala ere, Uztaritzen iragan zuten, errugbi zelaiaren ondoan, eta saltegi handi bateko aparkalekuan. Atzo goizean bideko jendeen ordezkariak eta Herriko Exekoak bildu ziren, aterabide bat atzemateko. Tokia txikiegia zela azaldu zuen auzapezak, 30 karabana inguru errepidean gelditu zirelako.

Euria egiten duelarik padura ureztatzen dela azaldu du Herriko Etxeak. Kontuan izanik tokiak ez dituela baldintza egokiak betetzen eta txikia dela, bertze toki handiago batera eramatea aztertu zuten. Hastapenean, Akizera (Frantzia) eramatea aipatu zuten, baina, azkenean, iazko aterabidea hartu dute, Baionako portura eramatea, alegia. Bertan, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak baliatzen ez den kaia dauka.

Harreraren kalitatea

Harrera egiteko gutxieneko baldintzak betetzen omen dituelako eraman dituzte Baionako portura. Alta, toki hori ez dago prestatua horrenbertze jende hartzeko. Teknikariek lana egin beharko dute argindarra bideratzeko bertara. Ura hartzeko guneak ere prestatu beharko dituzte.

Portuko kaiak erabilera industriala ukan ohi du, eta hortik salgai kimiko anitz pasatzen da. Zola zementuzkoa da, eta hauts ugari dago.

Bideko jendeek ez zuten kazetariekin hitz egiteko gogorik. Usaian patriarka izaten da guztien izenean mintzatzen dena. Gainerateko familiek ez zuten solastatzeko gogo handirik; haien hitzak «eraldatu eta interesen arabera» erabiltzen direla salatu dute.

Bideko jendeak udaro jiten dira Lapurdira. Ebangeliozaleak direla diote, eta haien elizaren aginduei jarraikiz mugitzen direla. Ekainean jiten dira, eta uztailean abiatu. Abuztu aldera, Paris inguruetan elkarretaratze erraldoi bat egiten dute. Arrazakeria dela medio, Herriko Etxeek ez dituztela hartu nahi salatzen dute.

Berrikitan eztabaida handia egon da Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoaren eta Michelle Alliot-Marie Frantziako Barne ministroaren artean, harrera guneen kokaguneak direla eta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)