Larrepetit

Ez galdetu

Berria, Castillo Suarez, 16-06-2009

Europako hainbat herrialdetan etorkinei herritartasuna aitortzeko, eta, beraz, gainontzeko nazionalei aitortzen zaizkien eskubide berberak emateko, azterketa egiten diete. Estatu Espainiarrean immigrazioaren fenomenoa berriagoa da, eta agian horregatik legedia aurrerakoiagoa eta ez dut esan nahi aurrerakoia denik. Alde horretatik, ez da beharrezkoa probarik gainditzea. Hala ere, litekeena da Estatu Espainiarrean herritartasun galdeketarik ez egitea ez egun ez eta etorkizunean ere. Izan ere, galdetzeak agerian jarriko luke identitate bat baino gehiago daudela Estatuan, eta hobe da eztabaida hori ez hastea.

Katalunian dagoeneko Immigrazioaren Nazio Ituna dute. Nazional hitzarekin ez dira Espainiako estatuaz ari, harekiko desberdina den identitate batez. Gainera, itunean, lehen aldiz, katalana proposatzen dute harrerarako eta integraziorako hizkuntza gisa.

Nafarroan eta EAEn, ordea, immigrazioaren kudeaketa askoz asistentzialagoa egiten da eta ez du ematen joera hori aldatuko denik epe laburrean behintzat eta maiz (azaleko) kultur adierazpenak ukitzen dituzten jarduerak egiten dira, eragin mugatua dutenak betiere: kultur arteko musika jaialdiak, toki ezberdinetako jakiekin herri bazkariak, munduko jolasak… Oso gauza politak izaten dira denak. Eta horrekin, denak konforme. Batzuk behintzat bai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)