Cimade elkarteak etorkinen eskubide urraketa gaitzetsiko du

Erreforma xedea deitoratzeko, protesta eginen du larunbatean, Hendaiako Atxikitze Zentroaren aitzinean

Berria, , 04-06-2009

Aitor Renteria.
Baiona

Etorkinen eskubideak murrizten dituen justizia erreforma indarrean sartu zen herenegun. Atxikitze zentroetan sartzen dituzten etorkinen defentsarako baliabideak murriztuko direla salatu du Cimadek. Orain artean, elkarte hori zen atxikitze zentroetan etorkinei laguntza emateko eskubidea zuen egitura bakarra. Erreformaren ondorioz, funtzio hori sei elkarteren artean banatu nahi du Frantziako Gobernuak. «Zentro horietan zer gertatzen den jakiteko eskubidea kendu nahi die Frantziak herritarrei», azaldu du Cimadek. Hori salatzeko, elkarretaratzea antolatu du larunbaterako, Hendaiako Atxikitze Zentroaren aitzinean.

Protestaren lehen partea isila izanen da. Izan ere, Cimadek elkarretaratze isilak antolatzen ditu, hilabetean behin, etorkinen eskubideak aldarrikatzeko. Honako honetan, protesta mota hori gune sinboliko batera eramatea deliberatu dute, Hendaiako Atxikitze Zentrora. Baina oraingoan manifestazio zaratatsua ere eginen dute, zaindaritza eskubidea ebatsi dietela salatzeko.

Seiren artean banatu

Engoitik, atxikitze zentroetako laguntza zortzi ataletan banatuko da, eta sei eragilek ukanen dute hori egiteko ardura. Historikoki, Cimade elkartea zen hori egiten zuen bakarra. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Cimadek zorrotz zaindu zituen Poliziaren jardunak, eta legez kanpoko espetxe edo atxikitze zentroak atzeman zituen. Geroztik, atxikitze zentroen barnean egoteko eskubidea zeukan. Horrela, atxiloketa unetik eman ahal izan die laguntza atxilotuei. Babes politikoa eskatzen duten unean, etorkinek epe laburra daukate prozedura administratibo guztia egiteko. Gainera, ez dute ezagutzen Frantziako legedia, eta, usu, ez dakite frantsesez. Cimadek laguntza administratiboa eta lege aholkularitza ematen die.

Berrikitan tirabira larria ukan dute Cimadek eta Pirinio Atlantikoetako prefetak. Galdeketa guztiak bideo kameraz bildu behar zirela agintzen zuen legeak. Alta, Hendaiako zentroan ez dago hori bermatzeko tresneriarik. Etorkinak libre uzteko eskari sistematikoa egin zuen Cimadek, eta Baionako Auzitegiak aintzat hartu zuen Cimaderen eskaria. Orduan, prefetak Okzitaniako Tolosara eramatea deliberatu zuen, hango auzitegiak «legearen bertze interpretazio zabalagoa» egiten zuelako. Berrikitan, Frantziako senatariek lege hori aldatu egin dute, eta legez kanpo dauden etorkinak Baionan aurkezten dituzte berriz ere.

Etorkinen eskubideak bermatzeko baliabide guztiak ikertuko dituztela adierazi du Laurence Hardouinek, Cimadeko abokatuak. Izan ere, Hendaiako zentroa duela bi urte ireki zuten, urtebetez lanak egin ondoren. Lehen, 500 pertsona inguru kanporatzen zituzten bertatik. Legedi eta egoitza berriarekin, kopuru hori bikoiztea espero du Frantziako Gobernuak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)