Hezkuntza, hedabideak, gizartearen aurreiritziak... Hamaika esparrutan sexu joeraren araberako diskriminazioak bere horretan irauten duela salatuko dute gaur LGBT elkarteek.

Normaltasuna, itxuraz bakarrik

Berria, Jon Rejado, 17-05-2009

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) 1990. urteko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik. Duela hemeretzi urte. Egun horren urteurrena dela eta, homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako eguna izaten da gaurkoa mundu osoan, aldarrikapen kutsu sakona duen eguna. Hala, sexu joeraren araberako parekidetasuna eta askatasuna lortzearen alde pausoak eman diren arren, gizartean «normalizazio faltsu bat» dagoela uste dute LGBT elkarteek. Itxuren azpian jarraitzen du.

«Normalizazio faltsu bat dagoela esan daiteke», dio 7menos20 elkarteko kide batek. Heterosexualitatea oinarritzat daukan gizarte batean, eredu hori horren barneratua dagoenean, hortik at gelditzen dena ikusezina bihurtzen dela salatu du. «Gure sexualitatea bizitzeko erabakia da gure ezaugarri nagusia, eta hori, argi eta garbi, diskriminazioa da». Homofobia, lesbofobia eta transfobia pairatzen duten bakarrak heterosexualak ez direnak dira. «Arrazakeria, pobrezia… gai horiek gizarte eragile gehienek jorratzen dituzte, baina homo-lesbo-transfobia guri baino ez dagokigun gaia dela dirudi».

Hezkuntza

Elkarteen artean kezka handien pizten duen gaietako bat Eliza katolikoak gaur egungo gizartean duen presentzia da, eta batez ere hezkuntzan duen tokia. Itunpeko ikastetxe askok eta askok Eliza katolikoarekin lotura dutela gogorarazi dute, eta ikastetxe horiek diru publikoa jasotzea gaitzetsi dute. «Ikastetxe batzuetan irakasten den gorrotoa diruz laguntzen ari naiz, gorroto horren alde dauden guraso batzuen seme-alabei irakats diezaieten», azaldu du Sejo Carrascosa EHGAMeko kideak.

Hezkuntzaren gaia bereziki kezkagarria dela uste du Carrascosak, baina ez soilik araututako hezkuntzari dagokionez. «Telebista, familia… horiek ere hezkuntza eragileak dira». Horiek guztiek haurren ikastetxe barruko jokaeran eragina dute. Hain zuzen ere, elkarte guztiek nabarmendu dute zenbat sufritzen duten «normaltzat» jotzen diren jarreretatik ateratzen diren haurrek edo nerabeek.

Euskal Herrian bullying delakoari buruz asko hitz egin den arren, ez da aztertu ikastetxeetan gertatzen diren indarkeria kasuetatik zenbat diren kutsu homofobikoa, lesbofobikoa edo transfobikoa dutenak. «Klaseko maritxuaren irudia oso ohikoa da gaur egun ere, baina nola onar dezakegu haur bat iraintzea gizarteak ezartzen dituen arauetatik ateratzen delako?», dio Carrascosak.

Aurrerapausoak, beharrezko

1990. urtean homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik atera zen arren, elkarteek gogorarazi dute transexualitatea 1980. urtetik buruko nahasmendutzat hartzen dela. Horrek egoera kontraesangarriak sortzen dituela azaldu du Sarai Montesek, Errespetuz pertsona transexualen integrazio eta defentsarako euskal elkarteko presidenteak. Protokoloaren arabera, psikiatra batengana joan behar dute, eta buru nahasmendurik ez dutela ondorioztatzen duenean, arazo psikiatriko bat izango balu bezala genero disforia tratatzen dute pertsona hori. «Ez du zentzurik», laburbildu du. Psikiatrarengana joan beharra ezartzen duen urrats hori kentzeko eskatzen dute.

Horrez gain, Espainiako Genero Nortasunaren Legea onartu zen arren, pertsona transexualen egunerokotasuna asko baldintzatzen duten zertzeladak zehaztu gabe daude oraindik. «Hormonen tratamendua hasi eta urte batera zure gorputza aldatu egin da, baina nortasun agirian ez dute sexua aldatu; horrek lana lortzea ezinezko egiten du», dio Montesek. Lan arloan bizi duten diskriminazioak, gizartean oro har bizi duten diskriminazioak bezala, bere horretan diruela gogorarazi du. «Gu ezin gara ikusezinak izan; aldaketa batzuk egin behar ditugu, eta jendearekin dugun tratua aldatzen da».

Genero Nortasunaren Unitatea inauguratu zuten duela bost hilabete Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), baina unitate hori oraindik «erritmoa hartzen» ari dela azaldu du Montesek. Nafarroan egoera okerragoa da, ordea. Andrea Vegue Transexualidad Navarra-Nafarroako transexualen Petra elkarteko presidenteak azaldu duenez, Osasunbidean ez dago protokolo argirik pertsona transexualen eskariei aurre egiteko, eta ez ditu ebakuntzak estaltzen.

NaBairen ekimenez gai horren inguruko legea prestatzen ari diren arren, bide horretan zailtasun asko agertzen ari direla azaldu du Veguek. Hori gutxi balitz bezala, badakite hainbat profesionalek uko egiten diotela beren lana egiteari, arazo deontologikoak argudiatuta.

Ikusezintasuna

Gure gizartean homofobia, lesbofobia eta transfobiarekin lotutako hamaika egoera izaten direla azaldu dute elkarteek, baina, heterozentrismotik at daudenez, ikusezinak direla gizartearentzat. «Etorkin asko etortzen dira jatorrizko herrialdeetako sexu jazarpena atzean uzteko», azaldu du Carrascosak.

Horrez gain, arrazoi hori dela medio, beste herrialde batzuetara heltzen diren hainbat pertsonak «homofobia instituzionalarekin» egiten dute topo. Orain hiru hilabete Kamerundik Espainiara heldu zen emakume baten kasua jarri dute adibidetzat elkarteek. Lesbiana izateagatik kartzelatu egin behar zuten jaioterrian, senideek haren aurkako salaketa jarri ostean, eta emakumeak Espainiara ihes egin zuen. Bidean prostituzioan lan egin behar izan zuen, eta Espainiara haur batekin heldu zen. Asilo politikoa eskatu, eta epaileak ukatu egin zion, haur bat izanda lesbiana zela esateak «sinesgarritasunik ez zuelako».

Oraindik ere gizartean dagoen homofobia, lesbofobia eta transfobia, eta esparru askotan nozitzen duten diskriminazioa salatuko dute gaur. Hain zuzen, 7menos20 elkartearen ustez, «aldarrikapenek oso oinarrizkoak dirudite, baina horixe da errealitatea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)