38.000 etorkin daude EAEn lan baimena ez berritzeko arriskuan

Krisiak eta immigrazio lege berriek etorkinen egoera zaildu dutela salatu du SOS Arrazakeriak

Berria, , 14-05-2009

Ainara Arratibel.
Donostia

Krisi ekonomikoak eta Europako erakundeek hartutako neurriek are gehiago «okertu eta zaildu» dute etorkinen egoera. Hala jasotzen da SOS Arrazakeriak kaleratutako urteko txostenean. Nafarroan, adibidez, 56 salaketa jaso zituzten iaz diskriminazioagatik. Hurrengo urteari begira ez dute aldaketa handirik espero, eta etorkinentzat urte «korapilatsua» izango dela nabarmendu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek. Gogorarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 38.000 etorkin «arrisku egoeran» daudela, krisiaren ondorioz zailtasunak izan ditzaketelako lan baimena berritzeko. Etorkin adingabeen gaian neurriak hartzeko eskatu die alor horretan eskumena duten erakundeei. «Programa egokiak martxan jarrita, adingabe guztiek lor dezakete integratzea. Ez da bereizketarik egin behar».

Mazkiaranek nabarmendu du etorkinek aspalditik bizi dutela krisi ekonomikoa, baina egungo krisiak are gehiago zaildu duela haien egoera. «Etorkinek bertako herritarrek egin nahi ez zituzten lanak egin izan dituzte. Orain, ordea, bertako herritarrak lanpostu horiek eskatzen ari dira», azaldu du Mazkiaranek. Egoera horrek etorkinekiko jarrera arrazista eta xenofoboak areagotu ditzakeela iritzi dio SOS Arrazakeriako kideak. Gainera, langabeentzako gizarte laguntzak amaitzen joan ahala, Espainiako Gobernuak horiek emateko neurriak «zorroztu» beharko ditu. «Horrek etorkinak kaltetu ditzake».

Testuinguru horretan sartu du Espainiako Gobernuak etorkinak beren sorterrira itzultzeko onartutako plana. «Etorkinak krisi ekonomikoaren errudun egiten ditu, eta haien balioa lan arlora mugatzen du. Egungo krisi ekonomikoan etorkinak oztopo gisa ikusten ditu Espainiako Gobernuak. Eman nahi izan duen mezua argia da: Espainiako langileak aurrena». Gainera, gogorarazi du halako planek oso emaitza «eskasak» izan dituztela.

Bestalde, 2007ko abenduan Espainiako Ministroen Kontseiluak Atzerritarren Lege berriaren aurreproiektua onartu zuen. Aurreproiektuak aurreko legearen 50 artikulu aldatzea aurreikusten du. Lege proiektuak, besteak beste, etorkinak beren senideekin batzeko aukerak murrizten ditu, eta 60 egunera luzatzen du etorkinak atxikitze zentro batean izateko epea.

Europako erakundeei kritika

Bide horretan, PSOEk immigrazioaren inguruan izandako jarrera aldaketa salatu du Mazkiaranek. «Aurreko legealdian izandako diskurtsoa alde batera utzi, eta bat egin du PPren diskurtsoarekin».

Horrekin batera, Europako erakundeek «arrazismo instituzionala» bultzatu dutela salatu du. «Hartu dituzten neurriek xenofobia areagotzeko baino ez dute balio izan. Badirudi immigrazioa kontrolatzeko denak balio duela; baita giza eskubideen urraketak ere».

Horren adibide jarri dituzte Europako Parlamentuak paperik gabeko etorkinak kanporatzeko onartutako zuzentaraua eta Immigraziorako Europako Hitzarmena. «Immigrazio selektiboa bultzatu da, eta mugak are gehiago blindatu dituzte».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)