Urola Garaiko ikasleak, alkateekin solasean

Diario de noticias de Gipuzkoa, 30-04-2009

I KASLEEK urtean behin alkateekin hitz egiteko aukera izaten dute, Eskolako Agenda 21 egitasmoari esker. Ikasturtean zehar gai bat lantzen dute eta, ondoren, euren lanaren fruitua azaltzen diete udal ordezkariei. Urola Garaiko saioak aste honetan bertan izan dira.

Atzo goizean Urretxu eta Zumarragako haur eta gaztetxoen txanda izan zen. Ikastetxe guztietako ordezkariak Zelai Arizti kultur etxean elkartu ziren. Ekitaldia 10.00etan hasi zen, baina minutu batzuk lehenago eraikineko sarrera jendez gainezka zegoen. Gehienak lasai samar zeuden arren, jendaurrean hitz egin behar zutenen artean urduritasuna nagusi zen. Izan ere, alkateei zer egin proposatzea ez da broma!

Ikasturte honetan ekitate gabezia landu dute eta, horri esker, ezezagunak zitzaizkien errealitateak ezagutu dituzte. Atzoko ekitaldian ondorio nagusiak aurkeztu zituzten, zer konpromiso hartu dituzten azaldu zuten eta udalei proposamenak egin zizkieten.

Legazpiko foroa ere aste honetan bertan izan da, astearte arratsaldean hain zuzen ere. Bertan ere ekitate gabezia landu dute Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek. Guztira 976 haur eta gaztetxok parte hartu dute.

LHko lehen ziklokoek eurak bezalakoak ez diren umeen eguneroko bizitza ezagutu dute, ariketak egin dituzte dirurik gastatu gabe ondo pasatu daitekeela ikusteko eta Saharara arropa eta janaria bidaltzeko kanpainan parte hartu dute. Bigarren ziklokoek migrazioa landu dute eta hirugarrenekoek, berriz, bidezko merkataritza.

Azkenik, DBHko lehen ziklokoek oinarrizko errenta eta laguntzak aztertu dituzte, bigarren ziklokoek aztarna ekologikoa landu dute eta Batxilergokoek etxebizitzaren arazoa landu dute.

ondorioa

Asko gutxirekin bizi direla

Ondorioei dagokienez, asko eta asko oso gutxirekin bizi direla, sorterritik ateratzeak alde onak eta txarrak dituela, lan gehien egiten dutenek diru gutxi jasotzen dutela, etxebizitzak oso garestiak direla eta etorkinek etxebizitza lortzeko garaian arrazakeria pairatzen dutela ikusi dute. Horretaz gain, gizonezkoen eta emakumezkoen artean ere ekitate falta dagoela ohartu dira. Bukatzeko, munduko biztanle guztiak hemen bezala biziko balira ia hiru planeta beharko liratekeela ondorioztatu dute.

Hori dela eta, Legazpiko haur eta gazteek hainbat konpromiso hartu dituzte: pertsona guztiak berdin tratatuko dituzte, behar dutenei janaria emango diete, garraio publikoa gehiago erabiliko dute, gutxiago kontsumituko dute, bidezko merkataritza bultzatuko dute, erosketak herrian egingo dituzte eta pobreziaren inguruan antolatzen diren ekintzetan parte hartuko dute.

Horretaz gain, aipatu bezala, Udalari hainbat proposamen luzatu dizkiote. Beharra dutenei lagun – tzea, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea, Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntzea, langabezian daudenei ikastaroak ematea, garraio publikoa bultza – tzea, baserritarrei eta bertako merkatariei laguntzea eta bigarren eskuko merkataritza bultzatzeko kanpainak abian jartzea aholkatu diete udal ordezkariei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)