Ahul

Berria, Uxue Apaolaza, 16-04-2009

Poliziari buruz dezente idatzi da azkenaldian, Londresen, G20koen bilkuraren kontrako protesten lekuan hil zen/zuten gizonaren kasuaren harira batez ere. Bartzelonan, Bolognako prozesuaren kontra ari ziren ikasleei emandako kolpeak ere izan ditugu ikusgai, Madrileko komisaria zenbaiten legenda beltza, gurean ikusi edo jasan ditugun kargak…

Arrazoi asko izan daitezke parekoa baino armatuago doanak bortizkeria erabil dezan; despotismoa adibidez, edo baita beldurra ere zenbaitetan, amorruren bat kanporatzeko beharra… Norbait zigortu bada halakorik gertatu denean polizia bera izan da. Ez dut ardura indibiduala ezeztatuko, baina banakakoak zigortuz errealitate gordinago bat ezkutatzen da. Botereak polizia bidaltzen du bidea garbitzera, eta errealitatea beraien nahietatik gero eta urrunago, orduan eta indar gehiago egin behar da berau moldatzeko. Hori ez da poliziaren ardura bakarrik, azkenean G20koan epelean zeudenak beste batzuk ziren. Espainiar estatuan legez kanpoko etorkin bati laguntzeagatik hamar mila euroko isuna jarriko digute. Gu gara kasu horretan errealitatea boterearen gustura egokitu beharko dugunak. Despota eta beldurtia polizien artean baino, boterean daude; ahul sentitzen diren seinale. Ez da lasaigarria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)