Droga trafikoaren kontrako bere plana aurkeztu du Obamak Mexikon

Armen legez kanpoko eraman-ekarria ere amaitzeko laguntza eskatu dio Calderon presidenteak

Berria, Leire Ventas., 17-04-2009

«Felipe Calderonek drogen kontra egindako borroka heroikoa da». Gobernuburu mexikarrari konplimenduak egin zizkion Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Mexikorako hegazkina hartu aurretik, atzo. Trinidad eta Tobagon gaur hastekoa den Ameriketako goi bilerarako bidean, Mexiko Hirian egin zuen geldialdia, Calderonekin biltzeko; 24 ordu eskaseko bisita ofizialean. Eta CNN telebista kateari eskainitako azken elkarrizketa horretan, kontu bat nabarmendu eta beste bat lausotu nahi izan zuen.

Batetik, bilerako hizpide nagusia zein izango zen azaldu zuen: bi herrialdeen arteko mugako droga trafikoa. Baina, bestetik, joan den martxoan, Calderonen gobernuak horren aurka egindakoaz esandakoak leundu zituen. Porrot egindako estatutzat jo zuen orduan Mexiko; eta hutsegitetzat Calderonen estrategia.

Adierazpenen ñabardurak direnak direla ere, bere programa esku artean duela aurkeztu da Obama Mexikon; droga trafikoarena bere borroka ere badela konbentzituta. Hala ari da bilakatzen, izan ere. Justizia Departamentuaren txosten baten arabera, AEBetako 230 hiritan dute presentzia jada kartel mexikarrek – droga trafikatzaileen erakundeak-. Merkatu zabala dute asetzeko: 35 milioi kontsumitzaile.

Hori hala, Calderonen jardun heroikoa aitortuta ere, alde bakarreko neurriak hartu ditu jada Obamak. Herenegun, esaterako, hiru talde nazioarteko droga trafikoan dihardutenen zerrendan sartu zituen. Hortaz, hemendik aurrera Sinaloako kartelak, Zetas izeneko soldatapeko hiltzaileek eta Michoacango Familiak AEBetan dituzten kontu korronteak eta ondasunak izoztu ahalko ditu Altxorraren Departamentuak. «Calderon presidentearen borrokari eman nahi diogun babesaren erakusgarri da», iritzi zuen Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak.

Ildo horretatik, mugaldeko tsar-a izango dena izendatu berri du Obamak. Alan Bersinek beteko du Nazioarteko Gaietarako ordezkari bereziaren kargua, Barne Segurtasunerako idazkari Janet Napolitanok jakinarazi duenez. «Muga ziurragoa bilakatzea izango da bere betebeharra», iragarri zuen El Pasora (Texas, AEB) herenegun egindako bisitan.

Bestalde, Mexikok dagokiona egin dezan ere lagunduko diola esan zuen atzo Obamak. «Drogen kontrako eskualdeko planaren aurrekontua %50 handituko dut». Horren zati bat Mexikori eman beharreko Blackhawk helikopteroetan inbertituko du. Oraingoz, Mexikoko armadak baliatuko lituzke aireko horiek. Izan ere, Calderonek ez dio baiezkorik eman muga elkarrekin zaintzeko Obamak egin dion proposamenari. Hori, bestalde, AEBetako Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako Departamentuen esku-hartzea litzateke, Mexikoko Gobernuaren erabakimen eremuan.

Calderonen eskaerak

Merida planak aurrez ikusten dituen baliabideak hegoaldetik iparralderako eraman-ekarria geldiarazteko ez ezik alderantzizko noranzkokoa amaitzeko ere badirela gogoraraztekoa zen Calderon atzo. Obamari arma trafikoaren inguruko kezka azaltzekoa zen, lerro hauek idazterako bukatu ez zuten bileran. Izan ere, AEBetan erosten dituzte gaizkile mexikarrek armak; hamarretik bederatzik, Mexikoko Fiskaltza Nagusiaren ikerketa baten arabera. Eta arma horiek darabiltzatenek 10.000 lagun hil dituzte, 2006tik gaur arte; Irakeko gerran hildako soldadu estatubatuarren hirukoitza.

Hori hala, Calderonek badu zer eskatua. Batetik, Ordezkarien Ganberan aztertzen ari diren lege proiektu bati bultzada emateko. Alkoholaren, Tabakoaren, Armen eta Lehergailuen Kontrolerako Agentziari diru gehiago ematea ahalbidetuko lukeena da hori. Erakundeak kontrabandoa saihesteko baliabide gehiago izango lituzke, hala. Eta, bestetik, 2004an iraungi zen neurri bat berriz ere indarrean jartzeko. Zibilei erasorako armak metrailadoreak, fusilak eta gisa horretakoak erostea debekatzen zien 1994tik. Halakoak eskuratzea erraza da egun, AEBetan dauden 38.000 armategietan. Haietako gehienak muga ondoko herrietan daude, gainera.

Baina gai horiez haratago, badaude AEBak eta Mexiko lotzen dituzten beste hainbat kontu ere. Immigrazioaz hitz egitekoak ziren, esaterako. Pew Hispanic Center erakundearen arabera, hamabi bat milioi etorkin mexikar bizi dira AEBetan. Mexikon jaiotako hamarretik bat mugaren beste aldean bizi da, beraz. Eta mexikarrak dira AEBetako etorkinen %32. Haietatik %55 paperik gabeak dira, gainera. Obamak agindu du migrazio legearen erreforma sustatuko duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)