Zirrikituetatik begira

Zubielki

Deia, 16-04-2009

ZUGASTIETA La Arboledaren izen berria, itzulia edo asmatua dela jakiteko edo Zubielki Lizarralde edo Tierraestella guneko Allin inguruan dagoela jakiteko balio izan du behintzat astepare hauetan ijitoekin gertatutako bi auzi edo gatazkak. Bietan, brontze arrazako bi sendiren gaitzespenak hautsak harrotu ditu hedabideetan eta batan nahiz bestean azpimarra izan dute ez dela arrazismo kontu bat. Nahasmena sortzen du, dena den, Nafarroako kasuan alkateak esandakoa: “No es un caso de racismo sino simplemente de exclusión social” Zer da bada arrazismoa, gizartetik baztertzea ez bada? Egiari zor oso famili jakinei zuzendutako eraso edo bazterketak dira bi hauek eta bi kasuetan ez da inolako aurrekaririk bide edo zentzu horretan. Areago, Zubielkiko gaztetxo gaizkileen gurasoak parkamena ere eskatu dio haien kalteen biktimari. Bi aldeetatik badago, beraz, tolerantziarik.

Duela urtebete eta Ijitoen Nazioarteko Egunaren aitzakian gai berau erabili nuen zirrikitu honetan. Berean nere baserritar izantzaz baliatuz nere ume edo nerabearoan auzokide izaten nituen kittano gurdidunakin izandako harreman eta elkar adeitasuna goraipatuz. Ez dut orduko izpirik erretiratzen; bakarrik Zugastieta eta Zubielkikoei edozein artaldetan ohi den ardi beltza (hemen ere kolore hau) suertatu zaiela. Hoietan gertatukoak ez luke etnia, enda edo arraza bat kondenatzea suposatu behar. Nahiz eta lehen baino – oraindik – arreta eta aurreritzi gehiago hartuko dugun hauen edo antzekoen aurrean.

Onerako eta txarrerako mundu global honetan elkar bizitzera kondenatuak gaude eta zenbat eta elkarri errespeto gehiago hainbat eta hobeto. Bidea jorratuz joateko, hona hemen nere behin behineko proposamena, caló hizkuntza ikasten saiatuko naiz ijito gazte koadrila bati euskara erakustearen truke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)