Amina Bargach - Atlantida-Marroc elkarteko presidentea Familia terapeuta, haur psikiatra, Familia eta Gizarte Sistemen Ikerketa eta Tratamendurako Marokoko Elkarteko presidentea... Immigrazioa sakon landu du Bargachek

«Adingabeak nahastuta daude; helduok eragiten diegu ezegonkortasuna»

Berria, , 26-03-2009

J. R.
Gasteiz

Immigrazioarekin lotutako gaiak hainbat ikuspuntutatik landu ditu Amina Bargach-ek (Larache, Maroko, 1945). Hori dela eta, gaia lantzen hasi aurretik, funtsezko oinarri batzuk zehaztea ezinbestekoa dela deritzo. Seniderik gabeko etorkinez hitz egin beharrean «herrialde hartzailean erreferentziazko heldua ez duten adingabe migratzaileez» hitz egitea nahiago du. «Adingabeen benetako izaera laburtzen dugunean gizartean dituzten sustraietatik bereizten ditugu».

Zein da adingabeen migrazioen testuingurua?

Behar batzuk daude arlo guztietan, eta ez naiz soilik behar ekonomikoez ari. Pertsona gustura dago zerbaiten parte sentitzen denean, hau da, ez naiz marokoarra Marokon jaiotzeagatik bakarrik. Sentimendu hori indartu egin behar da. Adingabeen babes sistema horretan akatsa dago alor horretan.

Zer akats da hori?

Partaidetza sentimendua hiru zutabetan oinarritzen da. Familia da lehen zutabea. Gizarteko mundua da beste bat, eta hezkuntza sisteman eta gizartean hasten da. Denek parte hartu behar dute bertan, ez azkarrenek bakarrik. Azkenik, adingabe bakoitzaren mundua dago. Zutabe horiek ezin dira bereizi, elkarri eragiten diote, eta elkarren arteko oreka garrantzitsua da.

Horien artean oreka gertatzen ez bada…

Etsipena dator. Sistemak adingabea babestu beharrean, sistema horren babesle bihurtzen da adingabea. Sistema okertzen denean, adingabe batzuek lider izaera garatzen dute, eta Europatik heltzen diren oihuak entzuten dituztenean babes sistema guztiz okertzen da.

Zer oihu?

Adingabea munduko nagusia da, adingabeen eskubideak… Marokoko adingabeek ez dute ulertzen zergatik dauden kondenatuta beren mundutik inoiz ez ateratzera. Orduan pentsatzen dute Europara joanez gero, adingabeak diren heinean, lege horien babesa jasoko dutela. Ez dago perspektibarik, eta instituzioak ez dira gai izan hori kudeatzeko.

Zergatik hasi zen haurren migrazioa 90eko hamarkadaren erdialdean?

Nazioartean gertatzen da hori. Mexikon gertatzen da, Ekialdeko herrialdeetan gertatzen da… Txirotasuna gora doa, eta egoera gero eta okerragoa da. Gizarte sistemaren degradazioak edonora mugitzeko beharra dakar. Zerbait gaizki dagoenean, gizakia edozer gauzataz baliatzen da bere burua eta familia aurrera ateratzeko.

Nolakoak dira emigratzen duten adingabeak?

Bizitzaren gogortasunaren ondorioz, adingabe horiek azkarrago heldu dira, eta adingabe diren bitartean alde egiten dute, gero ezin izango dutelako bizitza egitasmoa garatu. Azkarrago heldu arren, adingabeak dira, ordea.

Zer sentipen dute adingabeek herrialde hartzailera heltzen direnean?

Psikologikoki gauza asko gertatzen zaizkio. Hasieran izugarri pozik sentitzen da hesiak gainditu dituelako. Segituan beldurra sentitzen du bere auto-estimua oso baxu dagoelako; hortik aurrera besteek arazotzat hartuko dutela ikusten du, eta paradoxa batekin talka egiten du. Adingabea den heinean babestuta dago, baina sumatzen du beste araudi kontraesankor bat ere erabiltzen dela, Atzerritarren Legea. Egoera horrek ezegonkortasun handia eragiten dio arlo guztietan.

Nola jokatzen dute instituzioek?

Beste gauza batzuez kezkatzen dira: zenbat heldu dira, nondik heldu dira, nora heldu dira… Adingabeak ez du bere burua babestua ikusten, eta ez gaitu ikusten babesle modura. Horren aurrean esaten dugu adingabe horiek erasokorrak direla eta abar, eta hori okerra da. Adingabeak nahastuta daude, eta helduok eragiten diegu ezegonkortasuna.

Nola jokatu beharko litzateke?

Estatuek erantzuna eman behar diote egoerari. Emigratzen duten adingabeen jaioterriek barneratu behar dute haien lurraldean dagoena haiena dela, eta horretaz kezkatu behar dutela eta erantzun duina eman. Jatorrizko estatuak herrialde hartzailearen sistemak aztertu behar ditu, arreta ona ematen dela ikusteko. Ateak irekitzen direnean jendea hobeto antolatzen da, kanpotik datorren kontrola dagoela dakielako. Indarkeria gertatzen da instituzioak itxiak direnean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)