«Oso jokabide larria» dutenak zentro batean sartu nahi ditu Gipuzkoak

Kasu horiek %10 baino ez direla dio Maite Etxaniz diputatuak, baina «arazo larria» dagoela gaineratu du

Berria, , 26-03-2009

Erredakzioa.
Donostia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailak «oso jokabide larria» duten etorkin adingabeak zentro berezi batean biltzeko beharra defendatu du, Debako zentroan, alegia, bertan programa berri bat bete dezaten. Adingabe horiek Gipuzkoan daudenen %10 baino ez direla jakinarazi du Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatuak Biltzar Nagusietan egindako agerraldian. «Hartu ditugun adingabeen eskubideekiko konpromiso osoa daukagu, baina konpromiso bera dugu haien beharrekin».

Zentro hori «landa eremuan bakartuta» dagoela jakinarazi du Etxanizek, eta otsailaren 16an ireki zutenetik gatazka asko egon direla gaineratu du. Hezitzaileei zein beste adingabeei aurre egin dietela argitu du, eta hori dela-eta «euste neurri batzuk» erabili behar direla azaldu du. Gogoratu behar da zentro horretako adingabe batzuek salaketak jarri zituztela tratu txarrak jasan zituztela esanez. Dena den, adingabe horiek gutxi batzuk baino ez direla esan du.

SOS Arrazakeria

Debako zentroan erabiliko den programa berria ezbaian jarri du SOS Arrazakeriak Etxanizen agerraldia gertatu aurretik. Adingabeak bertara eramateko irizpideak ere ez daudela argi deritzote, adingabe batzuk bertara eraman baitituzte inolako gatazka sortu ez arren, eta hezitzaileek idatzitako txostenak izanda.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)