Arrazakeriaren aurkako neurriak eskatu dituzte Iruñeko protestan

Ehunka lagun bildu dira, arrazakeriaren aurkako elkarteek deituta, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Berria, , 22-03-2009

Erredakzioa.
Iruñea

Ehunka lagunek egin zuten bat atzo Iruñean arrazakeriaren aurkako manifestazioarekin. SOS Arrazakeriak, Paperak eta Eskubideak Denontzat Plataformak, etorkinen elkarteek eta ijitoen elkarteek deitu zuten protestara, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Besteak beste, Amnesty Internationalek, ELA eta LAB sindikatuek eta NaBai eta IU-NEBk egin zuten bat deialdiarekin.

Antolatzaileek salatu dute komunikabide eta diskurtso politiko batzuek «larritu» egin dituztela arrazakeria eta haren ondorioak. Erakundeek horren aurka behar beste egiten ez dutela eta, kexu dira. «Ikusten ari gara ez dela batere aurreratzen ari arrazismoaren aurkako borrokan». Bide beretik hitz egin du Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak Euskadi Irratian. «Legeak diskriminatzaileak dira. Diskriminazioa onartu egiten dute oinarri gisa, zilegitzat ematen dute».

Atzoko manifestazioan salatu zuten arrazakeriaren aurka egitea ez dela «lehentasuna» agintarientzat. «Irregulartasuna, bazterkeria eta lan esplotazioa bultzatzen dituzte». Horren adibide aipatu zuten Espainiako Gobernuak Etorkinen Legea aldatzeko egin duen proposamena. «Oinarrizko eskubideen aurkakoa da, eta ez du etorkinen integrazioa bultzatzen».

Gasteizen ere izan ziren ekitaldiak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara. Iluntzean kontzertuak izan ziren, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta. Hainbat herrialdetako musikariek osatzen duten talde batek eskaini zuen emanaldia, 08001 taldeak.

Erakundeen salaketak

Nazioarteko egun gehienekin gertatzen den legez, hainbat erakunde eta elkartek egin dituzte salaketak eta deiak Arrazakeriaren Aurkako Eguna dela eta. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako goi ordezkari Navi Pillayk dio arrazakeria «asmo gaiztokoa» dela. «Batzuetan, pertsona askoren bizia suntsitzen du, eta gizarte osoak honda ditzake».

Amnesty Internationalek (AI) neurriak eskatu ditu arrazakeriaren aurka, orain arte hartutakoak nahikoa ez direla iritzita. Krisi ekonomikoak etorkinen aurkako neurriak eragin ditzakeela-eta kezkatuta agertu da AI. «Krisiak eragin dezake etorkinen kontrolerako neurriak justifikatzea, nahiz eta horiek etorkinen eskubideak mehatxatu». Gobernuei eskatu die arrazakeriaren aurka aritzea «lehentasuntzat» har dezatela.

Europako Batasunak ohartarazi du krisi ekonomikoak areagotu egin ditzakeela arrazakeria eta xenofobia. «Larrituta gaude, etorkinen, iheslarien eta asilodunen aurkako erasoak gogortzen ari direlako». ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearekin batera ateratako agiri batean, Europako Batasunak arrazakeriaren aurka aritzeko eskatu die gobernuei.

Krisia aitzakiatzat hartuta etorkinen integraziorako laguntzak ez gutxitzeko deia egin du Europako Batasunak. «Europaren historiak erakusten baitu krisi ekonomikoak bazterkeria eta jazarpena areagotu egiten dituela». EB beldur da krisiarekin etorkinak komunikabideen eta politikarien «biktima» ez ote diren bihurtuko.

Nazioarteko batzarra

Apirilaren 20tik 24ra bitartean, arrazakeriari buruzko nazioarteko batzarra egingo dute gobernuek eta elkarteek Genevan (Suitza). 2001ean egin zuten Arrazakeriaren Aurkako Lehenengo Mundu Batzarra, Durbanen (Hegoafrika). Bilera hartan adostu zutenetik zertan aurreratu duten aztertuko dute apirileko biltzarrean, eta hizpide izango dituzte diskriminazioa pairatzen duten pertsonen egoera hobetzeko neurriak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)