Erakundeen parte-hartzea eskatu dute etorkin adingabeen gaian

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, erakundeen arteko elkarlana bultzatu behar da alor horretan

Berria, , 24-03-2009

Erredakzioa.
Donostia

Etorkin adingabeen gaia aztertzeko egin asmo den erakunde arteko foroan parte hartzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Ezinbestekoa da erakunde guztiok parte hartzea, gaiari konponbidea emateko», adierazi zuen atzo Maite Etxanizek, Gizarte Gaietarako diputatuak.

Etxanizen arabera, erakundeen artean plangintza bateratu bat diseinatu behar dute. «Erakundeen arteko elkarlana bultzatu behar dugu». Azken asteetako atxiloketen harira proposatu du foroa egitea Donostiako alkate Odon Elorzak.

SOS Arrazakeriaren aburuz, atxiloketa horiek agerian uzten dute Foru Aldundiaren politikaren porrota. «Adingabe horiek ez dute legeak agintzen duen tratua jasotzen, eta, gainera, heziketa eta lan programetatik baztertu dituzte».

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatu Covadonga Solagurenek, berriz, adierazi zuen Araban duten arazoa ez dela etorkin adingabeentzako zentroak «gainezka» daudela baizik eta adingabe horiek «kontrolik gabe» iristen direla. Hori ikusirik, plangintza bateratu bat eskatu zuen. Solagurenek ez zuen azaldu noiz zabalduko duten Molinuevoko zentro berria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)