Sinesgarritasuna eta adingabeen eskubideak

Berria, Pello Aierbe SOS Arrazakeriako kidea, 18-03-2009

Egun batzuetako tartearekin, dozenaka adingabe aurkeztu dira hainbat epaitegitan, haien zaintzaren erantzukizuna duten pertsonek tratu txarrak eman dizkietela salatzeko. Berehala, haien jagoletzaz arduraturiko erakundeak bere jarrera sendotu du, eta ageriko egin, dagokion diputatu andrazkoak sinaturiko komunikatu baten bitartez: gezurrak besterik ez dira. Lehendik ondotxo ezagutzen dugun jokamoldea ageri dute berriro ere: omena kentzea, sistematikoki, adingabeek diotenari. Jakina, gezurti hutsak dira.

Halako jokamoldeak diskriminazioa dakar berekin, beste bat gehiago, adingabe horiekiko. Ikus dezagun adierazpen hori, 3/2005 Legeak, Umeentzako Arreta eta Babesa arautzen duenak, dioenaren arabera, legedi hori baitagokio Euskal herriko Autonomia Erkidegoari.

Lege horretako 4. artikuluan, irizpide oinarrizko eta eragile moduan jasota dago nerabeekiko goi interesa eta nerabeen eskubideak babesteko beharra, haien garapena bermatzearren. Eta honako hau zehazten da, hurrengo: interes hori erabakitzeko, lehen-lehenik pertsona adingabearen beharrizanak eta eskubideak hartuko dira aintzakotzat, eta kontuan hartuko dira haren iritziak eta desioak ere, eta haren banakotasunari erreparatuko zaio.

Hurrengo, 16. artikuluan ezarrita dago nerabeek eskubidea dutela entzunak izateko, zerikusi zuzenik duten edozein prozedura administratibo edo judizialetan.

Hala, 17. artikuluan jasota dago, edozein eskubide oinarrizko urratu dietelako ustea izanez gero, nerabeek eskubidea dutela Fiskaltzari urratzearen berri jakinarazteko, hark dagozkion ekintzak susta ditzan. Artikulu horretan adierazten da, halaber, nerabeen guraso aginteaz, jagoletzaz edo zaintzaz arduraturiko pertsonen betebeharra dela nerabeen eskubideak babestea, eta administrazio publiko eskumendunei dagokiela haien eskubideak gizabidez betearaztea, eta helburu horiek lortu ahal izateko mekanismo guztiak abiaraztea. Aurrez ikusia dago, orobat, nolabaiteko interes gatazkarik balego ere pertsona adingabearen eta hura zaintzeaz edo jagoteaz arduraturiko erakunde publikoaren artean, pertsona adingabeari jakinarazi egin behar diotela defentsari judizial bat izateko eskubidea duela.

Eta 80. artikuluan aginduta dago, adibidez, entzunak izateko eskubidea dutela nerabeek, erasaten dieten erabaki garrantzitsuetan.

Hala, bada, lege horretan jasota dagoela aipaturiko horretatik ezer ere ez da betetzen hizpide dugun kasu honetan.

Ez dituzte kontuan hartu adingabe horien iritziak, baina ez hori bakarrik, entzun ere ez batituzte egin. Ezin sinetsizkoa da, zeharo, halako akusazio larriak tartean izanik eta inolako iritzirik eman edo jarrerarik hartu aurretik adingabeak esateko luketena entzuteko prest ere ez agertu izana. Izan ere, aditzera eman berri dugunez, legeak aitortzen dien eskubide bat da, eta, beraz, Administrazioaren betebeharra. Administrazioak, bada, kendu egin die eskubide hori, eta gezurretan ari direla erabakia du.

Ez dute errespetatu Administrazioaren betebeharra ere, adingabeei Fiskaltzara jotzeko eskubidea bermatzekoa. Aipaturiko zentro horretako langile baten jokamoldearen lekuko zuzenak izan gara, epaitegi atarian bertan saiatu baitzen adingabeek beren eskubidea erabiltzeko asmoan atzera egin zezaten; mehatxu ere egin zien, hala jokatuz gero erbesteratu egingo zituztela.

Eta, jakina, adingabeei ez diete jakinarazi, inondik inora ere, defentsari judizial bat izateko eskubidea dutela, haiek jagoteaz eta zaintzeaz arduraturiko erakundearekin interes gatazkarik izango balute ere.

Eta, salatzen hasita, esan dezagun helburu bakarra adierazten duela Departamentuaren oharrak, hots, laidoztatzea bai lehendiko arreta programa bai teknikarien jarduera. Esan dezagun, bada, oraingo honetan, SOS Arrazakeriaren jarduna ez dagokiela inolaz ere halako parametroei. Lehenik eta behin, adingabe salatzaileen beste talde horri dagokionez, gure erakundea horiexekin bakarrik jarri baita harremanetan, nahi zutena baino ez genien eskaini: haien egoera salatzera joatea epaitegira. Eta, eginkizun hori beteta, gure elkartearen sorburuko asmoak eta legeak ezarritakoa jarraitzea baino ez dugu egin; legeak, izan ere, gizartea sentiberago bihurtzeko premia nabarmetzen du, tratu txarrak eragoztearren.

Bigarrenik, Diputazioarekin zuzenean egin genituen lehenbiziko gestioak. Departamentuko Zuzendaritzakoekin elkarrizketatu ginen, eta dosier bat eman genien, bilduta geneukan informazioa zekarrena, zuzenbidearekin bat ez zetozen jarduerak ikertzeko eta aldarazteko prest agertuko zitzaizkigulakoan. Baina konturatu ginen ez zutela asmorik proposatu genizkien auzietako bakar bat ere aintzakotzat hartzeko, eta orduan bakarrik hasi ginen gainerako gestioak aurrera eramaten: adingabeak Fiskaltzara laguntzea, Arartekoaren zerbitzuetakoak elkarrizketatzea eta abar.

SOS Arrazakeriakoek eskatzen dugu gai hau ez erabiltzea alderdien arteko gerra modura, eta, interes ezkutuak argudiaturik, ez desbideratzea auzia. Salaketa horiek larriak dira, eta serioski ikertzea eskatzen dute behingoz. Horretarako eskubidea dute nerabe erasanek, eta gizarteak jakin egin behar du zer-nola dabiltzan zerbitzu publikoak.

SOS Arrazakeriakoak beti prest agertu dira elkarlanean jarduteko, baita Administrazioarekin ere, adingabeen arretari dagokionez sorturiko arazoak konpontzearren. Horri ez ikusiarena egitea, hain zuzen ere, gizarte honetan dauzkagun ahalbide guztiez baliatzeko gaitasunik ezaren beste adierazgarri bat baino ez da izango; berez, guztion artean bete beharreko eginkizuna bailitzateke.

(Erredakzioan itzulia)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)