Nafarroako biztanleen %10,4 etorkinak dira

NUPek eta CCOOk egindako ikerketaren arabera, azken urteotan lau nafar berrietatik hiru etorkinak dira

Berria, , 18-03-2009

Naiara Elola.
Iruñea

2000tik 2008ra ia 75.400 biztanle gehiago daude Nafarroan. Horietatik hiru laurden baino gehiago etorkinak dira; gehienbat Europako Batasunetik kanpoko jatorria duten etorkinak dira. Nafarroako etorkinen biztanleria %1,7 zen lehen, eta %10,4 da orain; 2000 eta 2008. urteetan aldatu da datu hori.

Datu horiek dira, beste askoren artean, biztanle etorkinei egindako galdeketatik jaso direnetako batzuk. Izan ere, Nafarroako Gobernuak hala eskatuta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta CCOO sindikatuak ikerketa egin zuten, Nafarroako etorkinen biztanleriaren berri izateko.

Ikerketari esker, era guztietako datuak bildu ahal izan dira, hala nola etorkinen langabezia tasa, eskolaratze datuak eta integrazio maila. Denera, 2008ko lehenengo seihilekoan, 2.400 galdetegi baino gehiago egin ziren. Horien bitartez, Nafarroan bizi den atzerriko biztanleriaren %90 legezko egoeran bizi direla jakin ahal izan dute.

Etorkinen jatorriaren inguruan, Hego Ameriketakoak dira gehienak. Halaber, azken urteetan, Europa ekialdetik, Errumania eta Bulgaria kasu, Nafarroara etorritakoen kopuruak nabarmen egin du gora, ikerketaren arabera. Izan ere, 2002an etorkinen biztanleriaren %9,7 zen Europa Ekialdekoa, eta 2008an, berriz, %22a. Hala, egun, talde horrek duen biztanleria kopurua Magrebtik iritsitakoena baino handiagoa da. Afrika Hegoaldeko etorkinen kopurua da Nafarroan etorkinen artean txikiena.

2002an egindako ikerketa kontuan hartuta, lanean dauden etorkinen kopurua handitu egin da. orain, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen %10,6 atzerritarrak dira. Horien %34,1ek zerbitzuen sektorean egiten dute lan; %29,7k berriz, eraikuntzan. Bi datu horiek, aurreko ikerketarekin alderatuta, gora egin dute. Halaber, %11 jaitsi da nekazaritzan lan egiten zutenen kopurua, eta %6, berriz, mirabe gisa lanean aritzen direnena.

Hezkuntzari dagokionez, NUPek eta CCOOk elkarlanean egindako ikerketaren arabera, Nafarroako etorkinak, hezkuntza arloan, derrigorrezkoak diren hezkuntza mailetan egonkortzen ari dira. Horrez gain, etxebizitza arloan, pilatuta bizi ziren etorkinen kopuruak ere behera egin du. Gero eta gehiago bizi dira familiarekin. Izan ere, 2004an %40,7 bizi ziren senideekin, eta 2008an, berriz, %57,7.

Gainera, batez beste, etorkinak Nafarroako gainontzeko biztanleria baino gazteagoak dira. Hala, gutxiago erabili ohi dituzte osasun zerbitzuak. Izan ere, etorkinen batez besteko adina 29,8 urtekoa da, eta biztanleriarena, oro har, 41,2 urtekoa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)