«Hemengoak gara»

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a, eta Anitzak ekimenak hainbat mobilizazio egingo ditu. Horko hiru kidek euren esperientzia kontatu diote BERRIAri.

Berria, Aizpea Amas. Donostia , 15-03-2009

Zenbat frantses dago herri horretan». Horixe zioen Isi Caballeroren amak Euskal Herrira lehen aldiz etorri zenean. Hizkuntza arrotz hori, euskara, frantsesa zela uste zuen emakumeak. Hori orain dela 33 urte gertatu zen; Andaluziatik (Espainia) familiarekin etorri zenean. Baina, ordudanik, erabat aldatu da Caballero semearen egoera: euskara zer zen ere ez jakitetik bikain hitz egitera pasatu da. Eta bertan ederki integratzea ere lortu du: «Orain, hemengoak garela esan dezakegu: lana badaukat hemen, nire seme-alabak ere hemengoak dira…»

Bizitza berriaren hasiera. Horixe da momenturik zailena etorkinentzat: beren herria atzean utzi, eta proiektu berri bat hasi behar duten momentua: toki berria, lagun berriak… Etorkin guztiek egiten dute topo zailtasun horiekin, eta Caballerok ere horrela gogoratzen du etorrera. «Traumatikoa izan zen», azaldu du. Bost urterekin iritsi zen Lodosara (Nafarroa): «Andaluzian utzi genituen familia, lagunak, eta bakar-bakarrik etorri ginen dirurik gabe, eta etxe zahar-zahar batera». Herrian ikastola bat bazuten, baina ez zen apenas entzuten euskara, eta Iruñera ikastera joan zenean konturatu zen frantses horiek euskara hitz egiten zutela. Eta hala, hizkuntza hori ikasteko jakin-mina piztu zitzaion. Baita piztu ere; dagoeneko bere egin duela dio.

Klaus Armbrusterrek ere ederki hitz egiten du euskaraz, «hitz batzuk egitea kostatzen zait, baina…». Orain dela hamar urte etorri zen Alemaniatik Euskal Herrira, eta, egun, Bilbon bizi da. Hona etorri zenean, ez zekien ez euskaraz eta ez gaztelaniaz. Lehenengo urtean gaztelania ikastaro bat egiten hasi zen, baina bigarren urterako animatu egin zen euskara ikastera, eta «primerako» esperientzia izan dela dio.

Euskara hitz egitea integratzeko baliagarri izan zaiola uste du Armbrusterrek: «Ahalegin bat egiten baduzu, hemengo hizkuntza ikasteko, jendearentzat oso ona da, eta ongietorri esaten dizute». Baina B aldea ere baduela uste du: «Euskara baztertzen duen jende asko ikusi dut, baina ez daukate ideiarik ere zer galtzen duten: kultura aberastasun handi bat da. Ni erabat harrituta nago musikarekin, poesiarekin, eta, pixkanaka, ulertzen ari naiz».

Victoria Mendoza ere integratu da gizartean, baina Caballerok eta Armbrusterrek izan ez dituzten beste oztopo batzuekin egin du topo prozesu horretan. Duela 17 urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera; zehazki, Irunera (Gipuzkoa). Hasiera-hasieratik nabaritu zuen jendearen konfiantza falta: «Jendeak marrokiartzat edo ijitotzat hartzen ninduen, eta hor nabaritzen nuen bazterkeria edo arrazakeria». Konfiantza falta ezagutza faltak sortzen duela diote, eta Mendozarekin ere halaxe gertatu zen: bera ezagutuz joan ziren heinean onartu zuten ingurukoek. Orain, Euskal Herriak ia-ia alabatzat hartu duela dio: «Mexikarra izaten jarraitzen dut, nire ezaugarriekin, baina [Euskal Herriari] maitasun handia diot».

Hasierako oztopo horiek, ordea, ezin izan ditu erabat gainditu beste hainbat etorkinen antzera: «Zailtasun handiak izan ditut, eta oraindik ere izaten jarraitzen dut: etxebizitza bat errentan hartzeko, lana aurkitzeko…». Haren egoeran dauden beste pertsona batzuei gauza bera ez gertatzeko asmoz, urte hauetan guztietan lanean aritu da etorkinen elkarteetan, baina hutsune handiak ikusi ditu: «Orain dugun egoera gaizki eraman den politika baten ondorioa da».

Batetik, etorkinei Euskal Herriko ezagutza kulturala ukatzen zitzaiela ikusi zuen, eta, bestetik, etorkinak hemengo arazoez ez zirela kezkatzen. Horregatik, etorkinek eta bertakoek batera lan egin behar zutela ondorioztatu zuen: «Bi ikuspuntuak batzen baditugu, modu aberatsago batean osa ditzakegu hutsak». Eta horrela sortu zuen beste hainbat lagunekin batera Anitzak ekimena. Taldearen egitekoa euskal herritarren eta etorkinen eskubideak defendatzea da. «Guri ere eragiten digu Euskal Herriari eragiten dion guztiak, alegia, hizkuntzarekin, kulturarekin… lotutako gaiek», azaldu du Mendozak.

Mobilizazioak

Martxoaren 21ean Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, «migrazio eta aterpe eskubideari dagozkion politika murriztaileak, eta kontrol eta kanporatze politikak arrazakeriaren eta xenofobiaren sortzaile» direla salatuko du Anitzak taldeak. Neurri horiek asilo edo migrazio egoeran daudenen «esplotazio ekonomikoa eta segurtasun errepresiboa» bilatzen dutela, eta etorkinak «oinarrizko eskubideak urratzen dituzten politiken erdian» jartzen dituztela gaineratu dute. Egoera horri indarrak batuta aurre egin behar zaiola adierazi dute, eta martxoaren 28an Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: «Gizarte justuagoa eta askeagoa nahi dugulako». Oraindik egiteko asko dagoen arren, Caballero, Armbruster eta Mendozaren adibideak, behintzat, hor daude.

Motzean

Martxoak 21. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, 1966tik. Egun horretan, baina 1960an, Sharpevillen (Hegoafrika) apartheid-aren kontrako manifestazio baketsu batean Polizia tiroka hasi zen, eta 69 lagun hil zituen.

Anitzak. Jatorri askotariko jendeak osatutako taldea da. Migratzen diren pertsonen eskubideak eta Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak defendatzen ditu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)