Malen Etxea elkarteko presidentea Egoera irregularrean dauden emakume atzerritar askok etxeko langile izatea dute irtenbide bakarretako bat, eta irregulartasun horren ondorioz, gizartean ez da ikusten haien egoera.

«Barruko etxe-langilei funtsezko eskubideak urratzen dizkiete askotan»

Berria, , 02-03-2009

Jon Rejado.
Gasteiz

«Egoera irregularrean dagoen emakume atzerritar batek lan egin nahi badu, bi aukera nagusi ditu: etxeko langile izatea, edo prostituzioa». Euskal Herrira haien bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin datozen milaka emakumeren egoera hitz horiekin laburbildu zuen Silvia Carrizok atzo Gasteizen, Harresiak Apurtuz koordinakundeak antolatu zituen Migrazioen feminizazioari buruzko ikuspegiak izeneko jardunaldietan. Bertan, Malen Etxea elkarteak egindako Mundua mugitzen duten eskuak izeneko ikerketaren berri eman zuen Carrizok, non barruko etxe-langileen baldintzen berri ematen baita. Elkarrizketa, lan taldeetan eta testigantzetan oinarritu zuten ikerketa; 2007an aurkeztu zuten, eta Comillaseko Unibertsitateko (Espainia) Santo Padre Rubio Sarietan bigarren gelditu zen. Espero izatekoak ziren ondorioak atera dira ikerketan, neurri handi batean, eta ez dira oso baikorrak.

Zein da barruko etxe-langileen eredua?

Emakume etorkin gazteak dira, egoera irregularrean daudenak, eta DBH edo Batxilergoarekin parekatu daitezkeen ikasketak dituzte gutxienez. Argi utzi behar da ez duela nahi duenak migratzen, ahal duenak baizik. Migratzaileak nolabaiteko baliabideak ditu gizarte mailan eta alor ekonomikoan. Barruko etxe-langileek, bi edo hiru urteren buruan, etxera itzultzeko asmoa dute, han utzi dituztelako seme-alabak. Latinoamerikako emakumeek bakarrik migratzen dute etxea ordaintzeko, seme-alaben ikasketak… Baina etxera itzuli nahi dute, kasu batzuetan itzulera atzeratzen den arren.

Zeintzuk dira ikerketaren ondorio nagusiak?

Lehenik eta behin, lan merkatua oso sailkatua dago, eta egoera irregularrean dagoen emakume etorkin batek nekez gainditu ditzake gizarteak aldez aurretik ezarri dizkion mugak. Lan zehatz batzuetara bideratuta dago. Irregulartasun horren ondorioz, bizi duten egoera ikusezina da gizartearentzat, eta, ondorioz, emakume horiek ez daude bidegabekeriei aurre egiteko moduan.

Ondorio gehienak espero zenituzten, edo ezustekoak izan dira?

Gutxi gorabehera espero genituen ondorioak agertu ziren ikerketan. Egunean hamar ordu baino gehiago lan egiten dute gehienek, eta 700 eta 900 euro artean kobratzen dituzte lan horregatik. Lan egiten duten etxean egiten dute lo, eta egunean ordu batzuk libre izan arren, askotan etxeko beharrak asetzeko helburua duten ekimenekin lotuta daude. Ezusteko handiena jaso genuen tratu txar fisikoen eta sexu jazarpenaren alorra landu genuenean. Lan taldeetan nekez atera zen gai hori, oso zaila baita horretaz hitz egitea. Muturreko kasu horiek ez dira ohikoenak, baina lotsa ematen dute, eta kasu gehienetan ez dira ondo konpontzen.

Nola egiten diote aurre?

Normalean ezer esan gabe alde egiten dute etxe horretatik. Lan bat uzten duen pertsona batek ez du alde egiten nahi duelako, baizik eta zerbait dagoelako atzean. Ezer esan gabe alde egitean, emakume hori kontratatu zutenek ez dute interpretazio hori egiten, ordea. Muturreko egoerak dira horiek, baina tratu txarrak ere ematen dira, eta ohikoagoak dira.

Zeintzuk?

Garbigailua nola dabilen bitan esatearekin nahikoa da, baina egunero hirutan esaten badizute laidogarria da, edo arropa nola eseki behar den behin eta berriro esatea. Etxeko langileek zer jaten duten eta noiz jaten duten kontrolatzeak ere pertsonaren konfiantzan eragiten du.

Lana eskaintzen dutenak haien boterean oinarritzen dira lan baldintzak ezartzeko?

Denetik dago. Langile bat kontratatzen dutela dakiten pertsonak daude, zentzuz jokatzen dutenak. Gehienetan ez da hori gertatzen, ordea. Soldata eskas bat eskaintzen badidate, esaten dute hori asko dela nire jatorrizko herrialdean. Arazoa da ni Euskal Herrian bizi naizela.

Beste pertsonak zaintzen dituzten pertsonek gaixotasun bereziak izateko jarrera izaten dute…

Barruko etxe-langileek egoera horiek pairatzen dituzte. Buruko gaitz larriak dituzte, eta gehienek pauso zehatz batzuk emango dituzte: estresa, antsietatea, fobiak… Horiek dira gehienek bizi dituzten egoerak, lanean hasten direnetik. Ezin da ahaztu langile horiek gizarte mailan ikusezinak izateaz gain, etxe barruan ez dutela pribatutasunik. Ez dute sexualitatea izateko eskubiderik, astialdirako eskubidea ukatzen diete… Gizakiaren funtsezko eskubideak urratzen dizkiete kasu askotan, beste pertsona batekin harreman bat izatea, kasu.

Gaur eguneko morrontza ote?

Bai, hala da. Zenbaitetan, oinarrizko eskubide batzuk urratzen dizkiete. Gertatu izan da emakume batek, abenduaren 24an, egun osoan lan egin behar izatea.

Krisiaren eragina sumatu al dute barruko etxe-langileek?

Bi alorretan nabaritu dute, batez ere. Emakumea kontratatu duen familiako emakumeren batek, langabezian gelditzen denean, haren tokia hartzen du. Horrez gain, soldata apalagoak eskaintzen dituzte, premiazko egoerari etekina ateratzeko.

Gipuzkoan barruko etxe-langileen gutxieneko baldintzak zehaztu dituzue hainbat eragileekin…

Gutxieenz, 900 euroko soldata zehaztu genuen, egutegiko jai egunetan jai izatea, hamalau soldata urtean, egunean bi ordu libre… Emakume askok egun dutena baino gehiago da. Ordea, XXI. mendean gutxieneko baldintza horiek jartzea esanguratsua da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)