Hendaiako Atxikitze Zentroan dozenaka pertsona elkarretaratu ziren larunbatean, estatistiketan oinarritutako etorkinen kanporaketa politika bukatzeko eskatzeko.

Kanporaketak geldiarazteko elkartasuna

Berria, , 10-02-2009

Aitor Renteria
Hendaia

Hendaiako Atxikitze Zentroa (Lapurdi) protesten jomuga bihurtu zen joan den larunbatean. Giza eskubideen alde lanean ari diren elkarteek deiturik, dozenaka lagun bildu ziren bertan, etorkinek pairatzen duten tratua gaitzesteko. Hendaiako egoitzaren harrera gaitasuna handitu egin dute azken urteotan eta, horrela, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak finkatu duen kanporaketa kopurua bete ahal izango dute: urtean 500 etorkin kanporatzen zituzten lehen, eta mila kanporatuko dituzte orain.

Ekaitz iragarpenak, txingorrak, euriak eta haizeak ez zituen hoztu giza eskubideen aldeko taldeen gogoak. Frantziak estatistika hotzetan oinarritzen du agiririk gabeko etorkinen aurkako politika. 28.000 etorkin kanporatzea zen iaz xedea, eta 30.000 izanen dira aurten. «Estatistiketan agertzen diren kopuruen gibelean eskubideak dituzten pertsonak daude, baina Frantziari kopurua baino ez zaio axola», erran zuen Isabelle Larrouy RESF elkartasun taldeko kideak.

Kanporaketa kuotak betetzeko, Paueko Prefekturak jarrera itsua baliatzen duela salatu zuen Dominique Rousset RESFeko kideak. «Helburu horiek lortzeko Paueko prefetak familia osoak kanporatzeko aginduak izenpetzen ditu», jakinarazi zuen. Duela bi aste Hendaian atxilotutako apaizaren kasua ekarri zuen gogora. Portugalen ari zen misiolari gisa, eta agiriak berritzen ziharduen. Paristik itzultzean Frantziako Poliziak atxilotu egin zuen, legez kanpo zegoela argudiatuz. Europan bizitzeko agiriak ukan arren kanporaketen kuota betetzeko Frantziak halako kasuak baliatzen dituela salatu zuen Roussetek.

Urtero, Baionako Auzitegiak 500 pertsona inguru kanporatzeko agindua ematen duela jakinarazi zuen Roussetek. Bertze hainbertze epailearen aitzin pasatu gabe kanporatzen dituztela jakinarazi zuen.

Eskubideen urratzea

Euskal Herrian ez ezik, Frantziako hainbat hiritan ere antolatu zuten protesta ekimena. Alta, eskubideen urratzea gertatzen bada Hendaian ageriagoa dela erran zuen Roussetek. Izan ere, Poliziak autobusak eta tren geltokia zaintzen ditu zorrotz. Pasaian diren etorkinak izan arren, Frantziak kanporaketa kuotak osatzen ditu etorkin horiekin. Etorkinak beldurtu nahi ditu Frantziak, Rousseten iritziz, agiririk gabekoak Frantziara joan ez daitezen geroan.

Kopuruak bete ahal izateko hainbat eskubide urratzen direla azaldu du. Frantziako Poliziak atxiloketa ugari egin ditu administrazioetan, etorkinak agiriak eskatzera joaten den unean. Gisa berean, eskola sarrera-irteerak zaintzen ditu Poliziak, haurren gurasoak atxilotu ahal izateko.

Adingabeen egoera ere bereziki larria dela salatu dute. Eskola ibilbidea normal bete arren, Poliziak igurikatzen du gazteak gutxieneko adina betetzea kanporatu ahal izateko.

Parisen, adibidez, Poliziak karrika osoak itxi izan ditu, eta han zeuden guztiei agiriak eskatu. Atxiloketak sarekada bihurtzen direla salatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)