Kultur aniztasuna islatu nahi dute EHIGEren jaian

Ekainaren 7an izango da aurten Euskal Eskola Publikoaren festa, Bergaran

Berria, Eihartze Aramendia , 05-02-2009

Donostia

Ikastetxeetako elkarbizitza kultur aniztasunaren ispilu dela islatu nahi dute aurten Euskal Eskola Publikoaren jaian. Izan ere, ikastetxeetan gero eta herrialde gehiagoko haurrak daude, eta horren aipamen berezia egin nahi izan du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen eta Gurasoen Elkarteak. Bergaran izango da aurten festa (Gipuzkoa), ekainaren 7an, Euskal Eskola Publikoari obatu lelopean. Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako Guraso Elkarteen Federazioko ordezkariak azaldu duenez, obatu hitzak lotu esan nahi du Bergaran: «Aukeratu dugun leloarekin gure eskolara engantxatu nahi ditugu umeak, gazteak eta helduak».

Aurten ere 18. jaia da, gunetan banatuko dute Euskal Eskola Publikoaren jaia. Lau gune izango dira: ikastetxe guztiak dauden ingurua, 6 urte arteko haurrentzat izango da; Santamaria eliza dagoen lekuan, beste gune bat egongo da, 6 eta 12 urte bitarteko umeei begira; Bidebarrin, kultur aniztasuna islatzen duen gune berezia egongo da; eta herriko plazan, berriz, hainbat taldek kontzertua emango dute.

Familiarentzako egitarau bat prestatzen ahaleginduko dira eta, zehazten joan ahala, euren webgunean emango dute horren berri.

Eskola txikien jaia, Berrobin

Baikarako ordezkariak nabarmendu du, gainera, ekainaren 14an Berrobin Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundearen festan parte hartuko duela EHIGEk, eta Ikas-bi Ipar Euskal Herriko Eskola Publiko Elebidunetako Gurasoen Elkartearen festan ere izango direla. Azken hori non ospatuko den ez du zehaztu, baina maiatzaren 17an izango dela adierazi du Zubizarretak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)