Paperik gabekoak kontratatzen dituztenak zigortuko ditu EBk

Paperik gabekoak kontratatzen dituztenak zigortuko ditu EBk

Berria, , 04-02-2009

Erredakzioa

Paperik gabeko etorkinak kontratatzen dituzten enpresak zigortzeko legedia onartzekoak dira gaur Europako Legebiltzarrean. Une horretatik aurrera, EB Europako Batasuneko herrialdeek bi urte izango dituzte zigor hori beren legedira moldatzeko. «Esplotazioa jasaten duten etorkinak babestea da legearen helburua», EBren arabera.

Beraz, hemendik aurrera, paperik gabeko etorkinak kontratatzen dituzten enpresariak edo enpresak etorkinak jatorrizko herrialdera joateko bidaia ordaintzera zigor ditzakete, baita bost urteko epean laguntza publikorik jasotzeko aukera kendu ere. Horrez gain, enpresariak edozein langilerekin egingo lukeen bezala, zerga eta kotizazio kopurua ordaindu beharko du, eta baita atzeratutako soldata guztiak ere.

Paperik gabeko etorkin talde handi bat kontratatu, langilea esplotatu edo giza trafikoaren biktima izan, eta jabeak horren berri badu, eta langilea adingabekoa bada ere zigor penalak jasoko dituzte enpresen arduradunek.

Paperik gabeko etorkinak etxe-zerbitzari modura erabiltzen dituztenek, aldiz, zigor txikiagoak jasoko dituzte. Betiere, esplotazio kasu bat ez bada.

Italian, bitartean, Roberto Maroni Barne ministroak paperik gabekoekin tolerantziarik ez izateko eskatu du: «Legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko, eta horrek dakartzan kalteak ekiditeko, ez dugu eskuzabalak izan behar, baizik eta gaiztoak, horrela, etorkinen legea sendotuko dugu». Italiara drogekin edo pertsonekin trafikatzera doazenak kanporatzeko hartu nahi du neurri hori. Lanera doazenentzat, aldiz, «besoak zabalik» izango dituela nabarmendu du Roberto Maronik.

Barne ministroaren hitzak Italian xenofobia erasoak handitzen ari direnean iritsi dira. Herenegun hiru gaztek Indiako etorkin bati su eman zioten Erroma ondoko estazio batean lo zegoen bitartean. Haien hitzetan, «bizirik zenbat irauten zuen jakiteko».

Bestalde, Espainiako Kanariar Uharteen inguruan hiru etorkinen gorpuak aurkitu zituzten atzo. 74 lagun, berriz, bizirik atera zituzten itsasotik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)