'La graine et le mulet' Venezian saritutako filma estreinatuko dute gaur

Abdel Kechichek Afrikako etorkinen erretratua atera du Frantzian bizi den familia baten bidez

Berria, , 30-01-2009

X. M.

Veneziako Epaimahairen Sari Nagusiaren irabazlea izan zen Le graine et le mulet 2007an, eta ordutik egunera beste hainbat sari pilatu ditu Europan zehar Abdel Kechiche (L’Esquive, 2004; La faute à Voltaire, 2000) zinemagilearen lanak. Esaterako, Zinema Europarreko Sarien galan FIPRESCI saria jaso zuen. Antolatzaileek «zinema independentearen talentua» saritu nahi izan dute euren hautuarekin. Gainera, Frantziako lau Cesar sari ere irabazi zituen.

Afrikar etorkinen bizitza sentsibilitate handiz azaltzen du bere filmean Abdel Kechiche tunistar jatorriko frantziarrak-gidoia ere berak idatzi du-, eta horrek laudorio ugari ekarri dizkio. Gaurtik aurrera ikusgai izango da Hego Euskal Herrian, Cuscús gaztelaniazko egokitzapenean jarri dioten izenarekin.

Sillman seme-alabak bere kargu dituen aita dibortziatua da. Ezustean lanik gabe geratu da moilan zuen zeregina ahitu denean. Egoera oso zailean utzi du gertaera horrek; bere etorkizuna eta familiarena airean dago, eta semeak Afrikako iparraldera itzultzeko esan dio. Haatik, Sillmanek beste asmo batzuk dauzka buruan: bere jatetxea zabaldu nahi du portuan dagoen barku zahar batean, eta familia osoaren laguntza jasoko du lan horretan. Frantziako administrazioak, ordea, ez dizkie gauzak erraz jarriko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)