Larrepetit

Zaharrak berri

Berria, Irati Elorrieta, 21-01-2009

Denboran gara; aurretik izan denaren oinordekoak eta datorrenaren aitzindariak. Martin Luther King-ek 80 urte beteko zituen larunbatean, eta handik hiru egunetara Ameriketako Estatu Batuetako lehenengo lehendakari beltza izendatua izan zen, atzo.

M. L. King mito bihurtu zen, beranduenez, 1968an tiroz hil zutenean. Baina bizirik zegoela ere, jende askorengana heldu zen: 1963an milioi laurdeneko jendetza berotu zuen I have a dream hitzaldi famatuarekin. Amets bat dut Obamaren bai, gai gara mezu elektoralistaren parean. Amets egiten du batak, ziurtatu besteak. Indartsuago izan nahi du bigarren esaldiak, baina ez genuke ametsen indarra gutxietsi behar. King hizkuntza poetikoa elokuentziaz erabiltzen zuen ameslaria baino gehiago izan zen, eta bizitzarekin ordaindu zuen bere etorkizun sena.

Amets batetik abiatuta, garapen erradikala bizi izan zuen. 1964an beltzek pairatzen zuten egoera sozial eta ekonomikoak aldaketa politikoak eskatzen zituela ohartu zen: Mugimenduak amerikar gizarte osoa berregituratzea izan behar du helburu. Honekin sistema ekonomikoa bera jarri zuen zalantzan, ekonomia kapitalista alegia, eta aberastasunaren birbanaketaren beharra aldarrikatu zuen. Elkarrizketa batean azaldu zuenez, urteetan gizarte erakundeen transformazioaren beharra defendatu zuen; aldaketa txiki bat hemen, beste aldaketa bat han. Honela esan zion kazetariari: «Orain, gizarte osoa berregituratu behar dela uste dut, balioen erreboluzio bat behar dela». Erabateko gaurkotasuna duen jarrera honekin, garaiko politikaren joera nagusitik aldendu zen. Eta uko egin zion, jarraitzaile gehiago izatearen truke, bere uste sendoak isiltzeari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)