AEBen aro berria, ardurarena

Munduko naziorik boteretsuena izan arren nahi dutena egiteko eskubiderik ez dutela gogorarazi die Obamak estatubatuarrei «Betiko adiskideekin eta arerio zaharrekin» elkarlanean jarduteko prest agertu da

Berria, Leire Ventas, 21-01-2009

Negu gorria da AEB Ameriketako Estatu Batuetan. George Washingtonek presidente karguaren zina egin osteko hitzaldian (1789ko apirilaren 30a) baliatu zuen metafora ostu zion atzo Barack Obamak, berea amaitzeko. «Amerika. Zailtasunen negu honetan, arrisku komunei aurre egitea tokatzen zaigun honetan, utzidazue iraungitzen ez diren hitzak gogorarazten: fedearekin eta bertutearekin aurre egingo diegu izotzezko korronteei eta etortzekoak diren ekaitzei». Esperantzaz beteriko mezua igorri zien, hala, zazpi gradu zero azpitik zirela entzuten ari zitzaizkion estatubatuarrei. Kapitolio inguruko bost kilometro koadro betetzen zituzten milaka lagunek. Haien patriketan ere negua da iaztik, AEBetako historiako krisi ekonomiko larriena lehertu zenetik.

Krisia, denen ardura

Egoera ekonomiko kaskarrari egin zion erreferentzia lehenik Obamak. Eta hori estatubatuar guztien ardura dela nabarmendu zuen. «Izugarri ahulduta dago gure ekonomia, batzuen zikoizkeriaren eta arduragabekeriaren ondorioz. Baina baita etorkizunerako erabaki zailak hartzean guztiok porrot egin dugulako ere». Lezioa ematen ari den irakaslea balitz bezala edo esanekoa izan ez den haurraren ama, herrialdearen sorrerako balioak berreskuratu beharraz jardun zuen. «Erronka berriak ditugu. Haiei aurre egiteko baliatu beharreko tresnak ere berriak dira. Baina balioak ez, aspaldikoak dira horiek: lan gogorra, zintzotasuna, justizia, tolerantzia eta abertzaletasuna».

AEBetako 44. presidentearen agintaldiarekin, beraz, aro berria hasiko dela ohartarazi du Obamak. Arduraren aroa izango da, haren arabera. «Obligazioak ditugu, gurekiko, gure herrialdearekiko, baina baita munduarekiko ere. Eta horixe da garai berri honetan AEBei eskatzen zaiguna». Hala, ardura horri erantzunez, agintaldiko ardatz nagusiak azaltzeko baliatu zituen erlojuak 18:06ak markatu arteko minutuak.

George Bushen kapitulua amaitutzat eman du Obamak. Nazioarteko harremanei dagokienez aurrerantzean elkarrizketa izango dela nagusi nabarmendu du. «Gaur begira ari zaizkigun herri eta gobernu guztiei esaten diet: jakin ezazue AEBak nazio guztien lagun direla». Horiek hala, herrialde musulmanekin harremana lantzeko nahia agertu du, «elkarrenganako intere-setan eta errespetuan oinarritua». Bide beretik, «nekerik gabe, betiko adiskideekin eta arerio zaharrekin» elkarlanean jarduteko prest agertu da; nuklearren auzitik hasita, klima aldaketaraino.

Era berean, eta aurreko administrazioari berriz ere erreferentzia eginez, AEBen segurtasuna bermatzeko eta «kanpoko mehatxuei» aurre egin ahal izateko gerra eragin beharrik ez dagoela ziurtatu du. «Arbasoek faxismoa eta komunismoa itun sendoak sinatuz garaitu zituzten, eta ez tankeekin eta misilekin». Eta AEBak oraindik ere munduko naziorik boteretsuena direla uste badu ere, umiltasunerako deia egin die estatubatuarrei. «Boteretsuak gara eta horrek babesten gaitu, baina ez digu nahi duguna egiteko eskubidea ematen».

Bushen akatsek tartea izan zuten presidente izendatu berriaren hitzaldian; lerroen artean, baina etengabe. Baita haren aurretik ere, Abraham Lincolnen bibliaren gainean eskua jarrita Obamak agindutakoan ere. «Zin egiten dut, fideltasun osoz, ahal dudan guztia egingo dudala Konstituzioa babesteko, zaintzeko eta errespetatzeko (…)».

%50

Soldaduak bidaltzearen kontra. Europako bost herrialdetako biztanleen erdiek Obamaren asmoetako bat baztertzen dute: Afganistanera soldadu gehiago bidaltzea. Finantial Times-ek egin du inkesta, Britainia Handian, Alemanian, Frantzian, Italian eta Espainian.

Immigrazio erreformaren alde egingo dute protesta

Kanpainan immigrazio politika berrituko zuela agindu zuen Barack Obamak, eta promesa hori gogorarazteko protesta egitekoak dira etorkinen eskubideen aldeko erakundeak gaur Washingtonen. Hala, Kaliforniatik, Illinoistik, New Yorketik eta Floridatik heldutako ekintzaileak hiriburuko Immigrazio eta Aduana Sailaren egoitzaren parean dira biltzekoak, 11:00etan Euskal Herriko 17:00etan; sarekadak eta deserritzeak gelditzeko, eta AEBetan paperik gabe daudenen egoera erregulatzeko eskatuko dute. Etorkinen eskubideen aldeko erakundeek AEBetan paperik gabeko 12 milioi lagun daudela kalkulatzen dute. Hispanoak dira gehienak. Hispanoen %66k Obamari eman zioten botoa.

2.000.000

Une historikoaren lekuko. Hotzak ez zituen kikildu Obamaren hitzaldia entzutera bildu ziren bi milioi estatubatuarrak. Zazpi gradu zero azpitik zirela, orduak egin zituzten Washingtongo Kapitolioaren parean. Inoizko ikusmin handiena eragin du Obamaren zinak.

Albaniarrek faltan izango dute George Bush

George Bushen sostengua neurtzeko inkestetan ez dituzte albaniarrak kontuan hartu. Presidente ohiak ez du ez batean ez bestean %27ko sostengua gainditzen. Baina Albanian heroitzat daukate, Kosovoko independentziaren alde egin zuelako. 2007ko uztailean bisitan izan zeneko argazkiak daude nonahi.

Nazioarteak ikusminez hartu du Obamaren garaia

Erronkei aurre egiteko elkarlanean jardutea eskaini diote zenbait naziok, eta harremanei ekitea beste hainbatek

L. Ventas

Munduko gobernuburuek zorte ona opatu diote Barack Obamari agintaldia hasi bezain pronto. Zenbaitek beharrezkoa izango duela nabarmendu dute, agindutakoak beteko baditu.

mirek topolanek

Europako Batasuneko presidentea

«Agindutakoa lortuko duela espero dut, AEBen irudia hobetzeko bada ere»

Egun Europako Batasuneko presidentetza duen herrialdeko estatuburuak, Mirek Topolanek Txekiako presidenteak, zorte ona opatu dio Barack Obamari. «Egingo duela agindu duenetik zati bat lortuko duela espero du, AEBek munduan duten irudia hobetzeko bada ere».

nicolas sarkozy

Frantziako presidentea

«Barack Obamarekin lan egiteko desiratzen nago, elkarrekin mundua aldatzeko»

Desiratzen dago Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea AEBetako buruzagi izendatu berriarekin elkarlanean hasteko. «Obama lanean hasteko irrikan nago, harekin batera mundua aldatzeko».

gordon brown

Erresuma Batuko lehen ministroa

«Nazioarteko erronka handiei aurre egiten lagundu nahi diot Barack Obamari»

Erresuma Batuko gobernuburu Gordon Brownek ere zoriondu du AEBetako 44. presidentea. Eta, Europako beste buruzagiak bezala, harekin lan egiteko prest agertu da, Ekialde Hurbileko bake prozesuari eta Afganistani dagokienez bereziki.

hugo chavez

Venezuelako presidentea

«Ez dut uste askorik aldatuko direnik AEBak presidente berriarekin»

George Bushen agintaldia amaitzeagatik pozik badago ere, ez du aldaketa askorik espero Hugo Chavez Venezuelako presidenteak. «Obama munduarentzat beste porrot bat izango dela dirudi». Obamak herenegun esandakoari emandako erantzuna da hori. Chavez Latinoamerikaren garapenean oztopoa dela esan zuen.

manutxer mottaki

Irango Atzerri ministroa

«Obamak bide onari heltzen badio, ez gara izango AEBen kontrakoak»

Obamak bi aukera dituela uste du Manutxer Mottaki Irango Atzerri ministroak. Iranen jarrera hautatzen duenaren araberakoa izango dela ohartarazi dio: «Bushen politikekin jarraitzen badu, erantzun bera jasoko du Ekialde Hurbiletik. Bestela, ez diogu kontra egingo».

hu changming

Txinako Defentsa ministroa

«Obamaren aroan Txinak eta AEBek harreman militarra landuko dutela espero dut»

Elkarlan militarrari ekin eta harreman hori sakontzeko eskua luzatu dio Txinak Barack Obamari. Hu Changming Defentsa ministroak helarazi dio mezu hori Obamari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)