Islama gertutik ezagutzeko tartea

Amurrio bisitatu ostean, Gasteiz, Agurain eta Legution ere izango da erakusketa

Berria, , 08-01-2009

Anakoz Amenabar
Gasteiz

Islamaren mundua gertutik ezagutarazteko helburuarekin, erakusketa paratuko dute Arabako hainbat txokotan. Aldundiak abian jarritako bildumak, bederatzi ataletan, galderak eta erantzunak proposatzen dizkio bisitariari. Eta argazki eta marrazkien bitartez, hizkuntza, usadioak eta kultura islamiarraren tradizioak azaltzen ditu.

Erakusketan sartzearekin batera, azoka handi batean barneratuko da bisitaria. Kumino, jengibre, mirra eta jasmin usainek hara eramango dute. Eta bidean, henna, arrosak eta eztia ere aurkituko ditu, islamiar herrialdeen isla. Txoko ezberdinen ezaugarriez osatutako azoka.

Erakusketak, gainera, hainbat bitxikeria ere baditu tartean. Astrolabioak eta kaligrafia klasikoen idatziak, besteak beste. Tanpoi batzuen laguntzaz, gainera, bisitariek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren lehendabiziko esaldia idatzi ahal izango dute, diwani letrekin: «Gizaki guztiak jaiotzean askeak eta berdinak dira». Ramadana, arabiar eta musulmandar kontzeptuen arteko ezberdintasunak eta taldeka biltzeko gizarteak duen ohitura ezagutzeko aukera ematen du erakusketak.

Amurrion bihar izango da erakusketa ikusteko azkeneko eguna, baina ondoren Gasteiz, Agurain eta Legutio ere bisitatuko ditu. Bisitaldi gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira.

ISLAMAREN ERAKUSKETA

Non. Amurrion (Araba), Bañueta kiroldegian, bihar arte. Ondoren, Gasteizen, Agurainen eta Legution izango da.

Noiz. 08:00etatik 22:00etara zabalik izango da Bañueta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)