Etorkinek euskaraz ikasteko finantzaketa handituko dute, eskariak gora egin duelako

Eusko Jaurlaritzaren Aisa programan 1.788 etorkin hasi dira euskara ikasten azken lau urteetan

Berria, , 08-01-2009

Mikel Peruarena
Donostia

Etorkinek euskaraz ikasteko eta euskal kulturan murgiltzeko helburuz sortu zen Aisa programa, eta orain hitzarmena berritu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Gizarte Gaietarako Sailak eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Akordioaren arabera, HABEk 70.000 euro jarriko ditu aurten, eta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak beste 70.000 euro; Aisa programak 140.000 euro jasoko ditu, hortaz, martxan den ikasturtean. Aurreko urteetan 120.000 euro jaso ditu etorkinak euskalduntzeko programak, HABEk eta Immigrazio Zuzendaritzak 60.000 eurona jarri izan dituztelako, urtero. Euskaraz ikasteko etorkinen eskaria handitzen ari dela adierazi dute Aisa programaren arduradunek.

«Programa horrekiko gure konpromisoa indartzea erabaki dugu, aurrekontua handituz», jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok. Hitzarmena berritu eta hiru urteko lanaren balantzea egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek eta Madrazok. «Badakigu bidea hau dela: euskararako eta euskal kulturarako bidea erraztea etorkin helduei», adierazi du Azkaratek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoara bizitzera iristen diren kanpotarrei «bi hizkuntzatan adierazten den kultura bat duen herri batera etorri direla adierazteko» sortu zen, 2005eko abenduan, Aisa programa, Azkarateren esanetan. Programaren helburua zen «bai erdaraz, bai euskaraz adierazten den kultura horretara eta bi hizkuntza hauetara hurreratzeko erraztasunak ematea». Horretarako, euskaltegiek eman ohi dituzten ikastaroetara sartu aurretik, etorkinentzako «girotze edo prestatze ikastaroak» izateko asmoz sortu ziren Aisa programako ikastaroak, eta helburua bete dute, Azkarateren ustez.

Etorkinek euskaraz ikasteko ikasmateriala prestatzen hasi zen HABE 2003an, eta hurrengo urtean lehen probak egin zituzten. Bederatzi ikastaro antolatu zituzten, 100 ikaslerekin. Probak ontzat emanda, 2005eko abenduan abiatu zituzten Aisa ikastaroak. Urte hartan 32 talde izan ziren, 325 ikaslerekin. 2006an, 27 ikastaro eta 353 ikaslek eman zuten izena. 2007an gora egin zuen eskariak, eta 45 ikastaro eta 418 ikasle izan ziren. Iaz, 49 ikastaro egin ziren, eta ikasle kopurua ere handitu zen: 582 izan ziren. Lehen ikastarotik, hortaz, 1.788 etorkinek izen eman dute ikastaroetan.

Gehienak amerikarrak dira

Iaz Aisa ikastaroetan izen eman zuten gehienak amerikarrak izan ziren: %65. «Batez ere Erdialdeko Amerikakoak eta Hego Amerikakoak dira», Azkarateren arabera. Gainerakoen artean, %15 europarrak dira, Europa erdialdekoak batik bat, baina asko portugesak direla jakinarazi dute. Beste %15 afrikarrak dira, magrebtarrak gehienbat. Guztira, 54 herrialdetako ikasleak daude Aisa ikastaroetan.

Etorkinen artean, gaztelaniaz ez dakitenek hizkuntza hori ikasteko joera dute, euskara ikasi baino lehen. Madrazok nabarmendu du Aisako ikasleen %65ek badakitela gaztelaniaz. Baina aipagarri deritzo hirutik batek ez dakiela gaztelaniaz eta, hala ere, euskara ikasteari ekin diola Aisa ikastaroetan.

Ez dago jakiterik Aisa programako ikastaroak amaitzen dituzten ikasleetatik zenbatek jarraitzen duten euskaltegian, ohiko ikastaroren bat egiten. Etorkinak asko mugitzen dira herri batetik bestera, HABEko zuzendari Joseba Erkiziaren esanetan: «Oso zaila da datu zehatza jakitea». Hala ere, euskaltegien sare orokorrean, 2001etik, etorkinen kopurua hirukoiztu egin dela nabarmendu du Erkiziak. 2001-02ko ikasturtean 476 etorkin zeuden euskaltegietan euskara ikasten. 2008-09ko ikasturtean 1.600 izango dira.

Kultura Sailak, HABEren bidez, laguntzen duen arren, Immigraziorako Euskal Planaren barruan kokatzen da Aisa programa. «Gure hizkuntza jakitea faktore garrantzitsua da Euskadin erroldatuta dauden etorkinak integratzeko», Madrazoren esanetan. Aisa programaren balioa nabarmendu du Madrazok, baina kanpotarren jatorrizko hizkuntzak gorde behar direla ohartarazi du: «Gure jatorrizko hizkuntzak, euskara eta gaztelania, ezagutzea bezain garrantzitsua da beren jatorrizko hizkuntza eta kultura ez galtzea». Horretarako, Gizarte Gaietarako Sailak eta Immigrazio Zuzendaritzak hainbat programa eta ekimen sustatzen dituztela jakinarazi du sailburuak.

Aisa ikastaroetan 60 orduko bi modulu ematen dira: Aisa 1 eta Aisa 2. Taldeak osatzeko, gutxienez 6 lagun behar dira, eta gehienez 18. Baldintza bakarra da etorkin helduak izatea; udalek edo euskaltegiek eska dezakete ikastaroak antolatzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)