Larrepetit

Sobera daude

Berria, Castillo Suarez, 06-01-2009

Garai zailak heldu dira, are zailagoak egoerarik txarrenean daudenendako: etorkinendako. Formulak bilatuko dira behar ez diren langileak etorkinak estatuetatik botatzeko. Horrela, langabezian dauden pertsona kopurua jaitsiko da, eta jendearen ezinegona txikitu. Botako ditugunak dira, hain zuzen, aurrerapen ekonomikoa ekarri dutenak, baina ez, inondik inora, krisiaren sortzaileak. Hala ere, erabakia justifikatzea erraza izanen da: ez dago dirurik zerbitzuetarako; ez dago lanik guztiendako.

Nolanahi ere, eta baliabideak gutxiago izanagatik ere, zalantza dut inor bertakoa ala etorri berria izan inor sobera dagoenik. Ez dakit nik, egoera zailagoa izanagatik ere, bertakoek nahiko ote dituzten orain arte etorkinek zituzten lanpostuak edo horietatik batzuk, bederen. Baina egia da gero eta ageriagoak direla arrazakeria adierazpenak.

Gainera, gure gobernuek inoiz ez dute ez taxuzko aurrekonturik ez ideiarik immigrazioaren erronkei aurre egiteko. Ez da inoiz lehentasunezkoa izan arrazakeriaren kontra egitea. Izan ere, immigrazio politika errotik aldatzea eskatuko luke horrek, alegia eskubide berdintasuna aldarrikatzea eta zerbitzuak areagotzea.

Alabaina, Espainiako Gobernuak Atzerritarren Legea gogortu du berriki. Lege hori etorkinen eskubideak ukatzeko legezkoa euskarria den aldetik, eta eskulan merke gisa hartzen dituenez, arazoa areagotzea besterik ez du ekarriko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)