SOSLAIA Ahmed Abutaleb

Lehenengo alkate musulmana

Berria, , 06-01-2009

Herbehereetako lehen alkate musulmana da Ahmed Abutaleb. Rotterdamgo alkate Herbehereetako bigarren hiririk handiena izendatu zuten atzo oposizioaren kritiken artean. Duela 47 urte Marokon jaioa, herritartasun bikoitza du; herbeheretarra eta marokoarra. Etorkina eta musulmana izateak piztu ditu kritikak eskuindarren artean. PVV Askatasunaren Alderdiko Gert Wildersentzat «musulman bat alkate izendatzea seinale txarra da, herbeheretar bat Mekako alkate izendatzea bezain irrigarria da». Urriaren 17an Abutaleb Rotterdamgo alkate izango zela jakin zenean, PVVk ohartarazi zuen Parlamentuan erabakia eztabaidatzeko berehalako bilera deituko zuela.

Rotterdamgo alkate berria gaztetan joan zen Herbehereetara bizitzera. Alkate izendatu aurretik, PvdA Langileen Alderdiko kidea eta Estatuko Lan eta Gizarte Gaietarako idazkaria izan zen kristau demokratak eta sozialdemokratek osatzen duten Gobernuan. Guztira, Rotterdamen bizi diren 582.000 biztanletatik %45 atzerrian jaiotakoak dira edo gurasoak etorkinak dituzte.

Abutaleb, sozialdemokraten gehiengoaren babesa jaso ondoren, izendatu dute alkate. Gainera, Job Cohen Amsterdamgo alkatearen sostengua ere badu. Abutaleb «guztiz gai den pertsona» dela dio. Herbehereetako hiriburuko alkatea Abutaleben alderdi berdinekoa eta judua da.

Marokoko herritarrek ezin diote beren herritartasunari uko egin. Izan ere, beren seme-alabak atzerrian jaio arren, marokoarrak direla dio Marokoko legediak. Beraz, atzerrian bizi diren marokoarrek herritartasun bikoitza izaten dute. Behin baino gehiagotan saiatu dira gai horren inguruan negoziatzen, baina, ez dute legedia aldatzerik lortu.

n. a.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)