Jira

Solidario

Berria, Uxue Apaolaza, 18-12-2008

Madrileko erdialdea jende solidarioz bete da; gobernuaren deiari jarraituz, beren abertzaletasuna ejertzitoan izen emateko bezainbestekoa ez da izango, baina bai sosak El Corte Ingles-en uzteko adinakoa.

Erosketa patriotikoak girotzeko errumaniar ijito talde batek Din, dan, don jotzen du kalean jazz erritmora, eta ondoan, besorik ez duen eskaleak plastikozko basoa astintzen ahoaz eutsita. Abertzale izateko diru aski ez duenak umeak ateratzen ditu kalera, hurrengo hileko alokairuan pentsatzeari uzteko, eta eskaparateetan, objektuei ez, erosle solidarioei begiratzeko, aurrezki guztiak semearentzat gofreetan xahutuz. Etorkin bat negarrez ari da telefono kabina batean; ez zuen dirurik bere herrira itzultzeko, eta telefonoz entzun behar izan du amaren azken hatsa. Lokutorioetan immigrazioak glamour guztia galtzen du, migrazio behartuak dagokion adjektiboa hartzen du; putada.

Kartoizko mantek premonizioak ematen dute. Konfiantza aspaldian nuen krisian, baina batez ere alokairua ordaintzen dugun bakoitzean afaritara irteten garenetik, hilabete bat gehiago munduaren alde honetan pasako dugulako, non konfiantza, non abertzaletasuna, non optimismoa, non ziniko ez izatea posible den. Mila esker, nire partez kontsumi dezaketenei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)