Etorkinen nazioarteko eguna

Berria, ñigo Lamarca Iturbe EAEko Arartekoa, 18-12-2008

Etorkinaren nazioarteko egun honetan bat egiten dut Migratzaileen eta beren Senideen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena berresten duten ekimenekin. Horrela eskertu nahi dut etorkinek gure gizartean egiten duten lana, eta beraien eskubideak babes daitezela eskatu. Estatuek eta erakunde publiko guztiek aurrera egin behar dute etorkinen eskubideak onartzen eta babesten, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala benetan gauza dadin, ospatu berri dugu-eta aldarrikapen horren 60. urteurrena. Gizartean egoera zaurgarrian daudenei babes handiagoa ematen bazaie izango du zentzua ospakizun horrek, izan ere, urteurren hori zela-eta abenduaren 10ean adierazi nuenez, bermerik gabe ez dago eskubiderik.

Bada immigrazio-ekintza azaltzen duen esaldi ezagun esanguratsu bat: «Langileak behar genituen, baina pertsonak etorri ziren». Euskadira batez ere emakumeak etorri dira eta etxeko lanetan dihardute. Gure gizarteak behar ditu, guk lan egin, trebatu eta aisialdiaz gozatu ahal izan dezagun, baina baita ere gure etxea, seme-alabak, aitona-amonak behar bezala zainduta edukitzeko. Emakume langile horiek ez dute beste langile batzuek duten gizarte-babesa, ez baitagokie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorra. Ez dute, halaber, familian bizitzeko eskubide bera, familia berriz elkartzea zailtzen dieten betekizun eta izapide zorrotz-zorrotzak bete behar dituztelako.

Horri guztiari honako hauek gehitu behar zaizkio: isolamendua, kultura-gatazka, jatorrizko herrialdean beren seme-alabak utzi behar izanagatik errudun sentitzea, lanean segurtasunik ez izatea eta lan eskasia, infraetxeetan eta hondatutako auzoetan bizitzeak dakartzan arazoak… Emakume horiek gehiegizko ardurak eta arazoak pairatzen ari dira, inolako laguntzarik gabe. Europako Batasuna eta europar gobernuak hilabeteotan bildu dira eta zenbait hitzarmen adostu dituzte, mugak indartzeko eta segurtasuna emango duten immigrazio-politikak ezartzeko: ez Immigrazio eta Asiloaren gaineko Europako Hitzarmenak, ez Europako Batasunaren Itzulerari buruzko Zuzentarauak, ez Atzerritarren eskubide eta betebeharrei eta horiek Espainian gizarteratzeari buruzko Legea aldatzeko iragarpenak ez dute eskertzen atzerritarren ekarpena, edo ez dira ohartzen etorkinak gizartean eta legerian babesteak duen garrantziaz. Gai bakarra dute ahotan -eta horretaz egin dituzte hitzarmenak-: immigrazio irregularraren kontrako borroka indartzea, edo araudi berri baten beharra, immigrazio mota bat aldeztu ahal izateko beste immigrazio mota baten aurrean.

Ekonomia, aldiz, bere kabuz dabil, langile etorkinak eskatuz, soldata txikiagoa ematen baitzaie, eta immigrazioa feminizatuz. Baina etxeko lanetarako emakume langileak eskatzen dira, baina beharrak dituzten emakumeak etortzen dira, horietatik asko eta asko amak, beren haurrengandik bananduak eta enplegu-emaileen, alokatzaileen eta abarren gehiegikerien mende daudenak. Behar horiei modu egokian erantzuten ari gara? Pertsona gisa ala langile gisa interesatzen zaizkigu? Immigrazio-politikak berdintasunaren aldeko politikak dira? Egoki erantzuten al zaie haiek jasaten duten indarkeriari, gizarte-babesik ezari, laneko gehiegikeriari, neurriz gaineko lanari eta ardurei, seme-alabengandik banantzeari eta haur horien hezkuntzari…?

Galdera horiei erantzuteko, argitara ateratzen diren errebindikazioak aintzat hartu besterik ez dago. Askotan errebindikazioak gertaera lazgarriekin lotuta egon ohi dira. Esate baterako, pairatzen duten indarkeria salatzeko beldurra, lanean babesik ez izatea, beren seme-alabekin egoteko dituzten zailtasunak.

Eskerrak eman nahi izan dizkiet emakume etorkinei, bada egiaztatuta dago edozein gizartetan emakumeen egoera hobetzeak guztien ongizatea ekartzen duela, eta oraindik egiteko dauzkagu emakume etorkinak aintzat hartuko dituzten berdintasunezko politikak. Bukatzeko, etorkin guztiengan eragiten duten errebindikazioak aipatu nahi ditut. Etorkinek politikan parte hartzeko urratsak egitearekin dute zerikusia, hau da, atzerritarrei botoa emateko eskubidea onartzeko aurrerapausoak egitearekin eta immigrazioari buruzko lege eta politiketan Giza Eskubideak sartzearekin.

Horregatik, Migratzaileen eta beren Senideen Eskubideei buruzko Hitzarmena berronestearen aldeko naiz. Eskubideak oro har onartu eta babesteak mesede baino ez die egingo gizarte demokratikoei. Gizarte-dualizazioaren prozesuak geldiarazteko modu bakarra da, bai herrialde guztiek osatzen dugun gizarteari dagokionez, bai gure auzokide berriekin osatzen dugun gertuko gizarteari dagokionez ere. Bestela, zenbat harresi jaso beharko ditugu kanpoan eta barruan?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)