Zuzen sarea sortu da, migratzaileen eskubideen alde

Elkarretaratzea egingo dute bihar Gasteizen, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta

Berria, , 17-12-2008

Erredakzioa
Gasteiz

Zuzen sareak elkarretaratzea antolatu du biharko, migratzen duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna izango baita bihar. Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan egingo dute protesta, eta parte-hartzaileei balizekin edo maletekin joateko deia egin diete. Migratzaileak kanporatzeko zuzentarauaren kontrako mobilizazioak batu zituen ekainean Zuzen osatzen duten lagun eta taldeak, baina atzo aurkeztu zuten ekimena. Geroztik, biltzen eta lanean jarraitu dute, «Gasteizera eta Arabara migratutako pertsonen giza eskubideak urratzen diren egoeren salaketa soziala eta aldarrikapen publikoa egiteko».

«Kultura anitzeko berdintasunezko gizartea» eraikitzeko lanean hasi da Zuzen: «Horrelako gune baten falta sumatzen genuen, xenofobiaren eta immigrazioa kriminalizatzearen mesedetan azaltzen diren diskurtso, neurri eta legeei erantzun koordinatu eta zabala emateko».

Besteren artean, CNT eta ESK sindikatuek, Salhaketak, Hikaateneoak, Gasteizen bizi diren perutarren elkarteak eta Gasteizen bizi diren emakume honduratarren elkarteak parte hartu dute Zuzenen sorreran.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)