EAEko ehun biztanletik hiru pobrezia larrian daude

Jaurlaritzaren arabera, 88.643 lagun daude oinarrizko beharrak bete ezinik, duela lau urte baino 15.000 gehiago

Berria, , 12-12-2008

Ainara Arratibel
Donostia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken lau urteetan behera egin du pobrezia larrian daudenen kopuruak; gora egin du, ordea, oinarrizko premiak jatekoa, janztekoa, alokairua… betetzeko arazoak dituztenen kopuruak. Eremuari erreparatuz gero, Bilboko eskualdean eta Ezkerraldean daude pobrezia maila altuenak. Hala jaso dute lau urtetik behin Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak pobreziari eta gizarte desberdintasunei buruz egiten duen inkestan.

68.051 pertsona daude gaur egun pobrezia larrian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; biztanleen %3,2, hain zuzen. Oinarrizko beharrak bete ezin dituztenak 88.643 dira populazioaren %4,1 , duela lau urte baino ia 15.000 lagun gehiago. Igoera hori «handia» dela aitortu arren, inkestako emaitzekin baikor agertu da Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua. «Ahalegin publikoari esker, pobrezia larriko tasa baxuena duten herrialdeen artean dago Euskal Autonomia Erkidegoa», adierazi zuen, atzo, inkestaren aurkezpenean .

Oinarrizko beharrak bete ezin dituztenak eta inolako ondarerik ez dutenak dira pobrezia larrienean daudenak. Azkarragak gogorarazi du 1986an hasi zirela inkesta egiten eta, orduan, pobrezia larrian zeudenen portzentaia %8,6koa zela; orain, aldiz, %3,2koa da. «Jaitsiera urtetik urtera izan da, gainera».

Ondareren baten jabe izan baina oinarrizko premiak bete ezinik daudenen kopuruak izandako igoera «kanpo faktoreengatik» izan dela esan du Azkarragak: etorkin kopuruaren igoeragatik, etxetik joan diren gazteen kopuruaren igoeragatik… Familietan ez da atzeman igoera hori. Euskal Autonomia Erkidegoak mota horretako pobrezia tasa txikienetakoa du Europan, inkestan azaltzen denez. Soilik Finlandiak eta Txekiar Errepublikak dute tasa txikiagoa: %3 eta %2, hurrenez hurren.

Badira, bestalde, oinarrizko premiak betetzeko adina diru sarrera dutenak, baina ondarerik ez dutenak. Metatze pobrezia deitzen zaio horri, eta epe luzerako bizi-baldintzekin du zerikusia. Inkestaren arabera, pobrezia mota horretan izan da beherakadarik handiena, %1,5 jaitsi baita egoera horretan bizi diren pertsonen kopurua: %2,2tik %0,7ra.

Pobrezia gertu dutenen kopuruak izandako jaitsiera ere gogorarazi du Azkarragak, azken lau urteetan %8 jaitsi baita. 2004an biztanleen %29,1ek zuten gertu pobrezia; orain, aldiz, %21,1ek. 1986ko datuekin alderatuz, jaitsiera hori nabarmenagoa da. Orduan ia biztanleen erdiak bizi ziren pobrezia arriskuan.

Etorkinengan eragin handiena

Inkestan jasotzen denez, pobreziak gehiago eragiten die etorkinei, bertakoei baino. Hala, etorkinen pobrezia tasa %25,6koa da. Kopuru hori, gainera, %31ra igotzen da Europako Batasunetik kanpoko etorkinen artean. Bertakoen pobrezia tasa, aldiz, %1,9koa da. Pobreziak eragin handiagoa du, gainera, pertsona edo guraso bakarreko etxeetan bizi direnengan, bi pertsona edo gehiagoko etxeetan bizi direnengan baino. Bestalde, pobreziak eragin bikoitza du emakumeak buru diren etxeetan, gizonezkoak buru direnetan baino. Lan egoera, ikasketak eta adina dira pobreziarekin zerikusia duten beste aldagaietako batzuk.

Eremu geografikoak kontuan hartuta, hiriburu inguruetan daude pobrezia maila altuenak. Bilbo inguruan, gainera, pobrezia larrian bizi direnen portzentaia EAEko bikoitza da. Hain zuzen ere, eremu horretan ehun biztanletik sei pobrezia larrian daude «Bilbo eskualdeko pobrezia datuak are esanguratsuagoak dira, eremu horrek duen garrantzi demografikoa kontuan hartzen bada: Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezia larrian bizi direnen %37,1 bertan pilatzen dira», azaldu du Azkarragak. Kontrako egoeran daude Aiara, Debabarrena, Durangaldea, Eskuinaldea, Tolosa-Goierri eta Debagoiena. Gune horietan pobrezia egoera larrian daudenen tasa %2tik beherakoa da.

Krisiaren eragina

Azkarragaren irudiko, krisi ekonomikoaren ondorioak ez dira datuetan ageri. «Goiz da horretarako. Egia da, halere, krisi ekonomikoa asko luzatzen bada emaitzetan aldaketa handiak izan daitezkeela». Dena den, nabarmendu du egungo gizarteak aukera eta baliabide hobeak dituela krisiari aurre egiteko. «Garai batean baino hobeto prestatuta gaude».

Pobrezia larrian dauden herritarrak izan ditu gogoan. «Egoera hori mantentzen den bitartean, ez da triunfalismorako arrazoirik izango. Are gutxiago krisiaren sintoma txarrenak berriro agertzen ari diren garai honetan». Pobrezia eta eskasia tasa baxuak izatea da, haren esanetan, krisiari aurre egiteko modurik onenetakoa.

Pobreziaren kontrako politika publikoei eusteko unea dela ere uste du. «Jaurlaritzarentzat lehentasunen artean dago pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka». Oraindik beste hainbat politika indarrean jartzeko tartea badagoela iritzi dio.

Dena den, Azkarragak uste du Eusko Jaurlaritzaren politikak eraginkorragoak izango liratekeela enplegu politikaren eskumena eskuratuko balu. «Baliabide gehiago izango genituzke pobreziari aurre egin ahal izateko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)