Lehiatila

Murruak

Berria, Cristina Berlanga, 25-11-2008

Murrua: eraikuntza lineal, bertikal eta beregaina, lurralde bat babesteko edo mugatzeko balio duena. Kontinente guztietan zehar daude murruak: Maroko eta Mendebaldeko Sahara bereizten dituena, 2.400 km-koa; Kaxmirren eta Pakistanen arteko hesi elektrifikatua, 1.000 km pasakoa; India eta Bangladesh bereizten dituen langa; Saudi Arabiak Yemengo mugaldean eraiki duen hesia, hiru metro garai dena, edo Irakeko mugaldean zehar eraikitzen ari direna, hala nola Irak eta Kuwait bereizten dituen murrua, 210 km-koa; Zipreko uharteko murrua, 1974az geroztik turkiar-zipretarrak eta greziar-zipretarrak bereizten dituena; Costa Ricak Nikaraguako mugaldean eraiki zuena; Botswanak Zimbabweko mugan eraikitakoa; Ameriketako Estatu Batuek Mexikoko mugan eraiki zutena. Israel Palestinan eraikitzen ari den murrua, berriz, Berlingo Harresia baino hiru aldiz garaiago eta hiru aldiz luzeago izango da.

Murru horietako zenbait, Eduardo Galeanok bere Muros (Murruak) kontakizun laburrean dioenez, Berlingo Harresia eraitsi ostean sortu ziren, eta oraindik ere sortzen ari dira; «Berlingo Harresia baino handiagoak diren arren, gutxi aipatu ohi dira edo hitz erdirik ez da esaten haiei buruz. Zergatik ote murru batzuk hain hotsandikoak eta beste batzuk hain ahoskabeak?». Eraikin izugarriak izanagatik, eta honela dio Mike Davisek ere El Gran Muro del Capital (Kapitalaren Murru Handia) izeneko artikulu batean Frontera Sur (Hegoaldeko muga) liburuan jasotakoan (Virus argitaletxea): «Hormigoizko eta alanbrezko mugak kaltegabeak dira, Kapitalaren Murru Handiarekin alderatuz gero», zeina baita «egitura sistema bat, gotorlekuek, behatokiek, patruila armatuek eta esparru giltzapetuek hertsiki bilbaturikoa». Murru Handi hori ezinago arriskutsu bihurtzen du, berriz, haren izaera nabarmenki birtualak.

Murru mota horien adibide paradigmatikoa da, esate baterako, Europako gotorlekua eta Afrikako kontinentea bereizten dituen «altzairuzko errezel elektronikoa», zeina emigrazio-igorle diren herrialdeen barrualderaino heltzen baita birtualki, ekonomia itunak nahiz lankidetzak, bisak eta dena delako kontrolak direla bitarteko. Liburu horretan, halaber, honela dio Cristina Fernandezek: «Mugak aktibatu egiten dira, banako jakin batzuek migratzea erabaki ahala, eta Europaren bihotz muineraino hedatzen dira, mugikortasun mugatuko pertsonen biografiak zelatatzen dituztelako». Atzerritarren legeek, esparru giltzapetuek, kanporatze aginduek, lotsaren direktibek eta antzekoek osatzen dute murru horren bilbadura, eta horiek guztiek sortzen dizkiete hesi gaindiezinak kanpotik datozenei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)