Tel Aviveko auzitegiak zazpi urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Israelgo zortzi gazte juduri, neonazi taldea osatzea egotzita eta drogazaleei, homosexualei, etorkinei eta judu erlijiosoei «eraso basatiak» egitea leporatuta, horien aurkako hilketa saioak tarteko.

Holokaustoaren jarraitzaileak Israelen

Berria, , 25-11-2008

Ekain Rojo

Atxilotutako zortzi gazte juduetako bat nazien holokaustotik bizirik ateratzea lortu zuen gatibu baten biloba zen. Beste sei milioi juduek Bigarren Mundu Gerran izan ez zuten zortea bidelagun izan zuen haren aitonak, Europako judu guztiei naziek ezarri zieten patu beltzari iskin egiteko. Bilobak, ordea, aitonaren eta sendiaren oinazea ez du barneratu, eta 16 eta 21 urte bitarteko beste zazpi lagunekin batera 36 patruila izeneko neonazi taldea sortu du. Talde horretan parte hartzeagatik eta drogazaleen, homosexualen, etorkinen eta judu erlijiosoei «eraso basatiak» egiteagatik, urte bat eta zazpi urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkien atzokoan Tel Aviveko auzitegiak.

Zazpiak ere Itzulera Legeaz baliatu ziren Sobiet Batasun ohiko estatuetatik joanda Israelgo herritartasuna lortu ahal izateko. Gutxienez aitona judua duen edonork herrialdean bizitza berriari ekin diezaioke, holokaustoaren ostean nazioarteak sustatu zuen estatu juduan hain zuzen ere. Herrikideen hiltzaileen alde jarri dira, ezustean, nolanahi ere.

Erasoak egiteagatik, hilketa saioa egiteagatik eta arrazismoa sustatzeagatik zigortu dituzte 36 patruila taldeko kideak. Akusazioaren arabera, naziek hildako juduen omenez Israelen altxarazi zuten erakustokian, Holokaustoaren Museoan, Adolf Hitler diktadorearen urtebetetzea ospatzeko asmoa zuten apirilaren 20an, «haren leialtasunaren zina egiteko, arraza zuria azkeneko odol tanta isuri arte babestea hitzemateko».

Petah Tikva herrian bizi ziren zortzi gazteak, Tel Avivetik gertu, eta biktimei eginiko erasoak grabatzen zituen han neonazi taldeak. 2007.urtean atxilotu zituzten, eta haien etxeetan Hitlerren erretratuak, suzko armak eta lehergailuak hauteman zituzten ikerketan poliziek, besteak beste.

Gertaera larria epaileentzat

Israelen nazien aldeko taldeak azaleratu direla jakiteak hautsak harrotu ditu gizartean.Tsvi Gurinkel epaileak ebazpenean «oso larritzat» jo du Israelera emigratu duten juduek teoria arrazistekin bat egitea. «Ezein juduk onar ezin ditzakeen ekintza erdeinagarriak egin dituzte», deitoratu du epaileak. «Ezinezkoa da auzitegiarentzat baldintza bereziengatik eta akusatuen gaztetasunagatik bihozbera izatea».

Haien aurreko belaunaldiaren iraupenerako borroka antzua ahantzi dute gazteek, nazien hilketei eta erantzuleei gorazarre egiteraino. Munduko juduei aterpe emateko aitzakian sortu zen estatuak ez du lortu bere gizartean ere bizikidetza sustatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)