Obamaren 450 aholkularik bideratuko dute AEBetako trantsizio garaia

Bidea prestatuko dute presidente hautatu berriak kargua hartzean herrialdearen norantza azkar alda dezan

Berria, , 14-11-2008

Erredakzioa

Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatu berriak 450 aholkularik osatutako taldeari eman dio trantsizio garaia bideratzeko ardura. Multzo horrek herrialdeko burokrazia osatzen duten ehun bat agentziekin batzartzeko eginkizuna izango du hurrengo bi hilabeteetan. Urtarrilaren 20an hartuko du Obamak presidentetza, eta herrialdearen norantza ahal bezain laster aldatu dezan aurrez informazioa prestatzeko erantzukizuna izango dute aholkulariek. «Historiako trantsizio irekiena eta gardenena egiteko konpromisoaren isla da», adierazi du John Podesta Obamaren taldeko eledunak. Bestalde, G20koen larunbateko goi bilkuran ordezka dezaten Madeleine Albright estatu idazkari ohia, eta Jim Leach Alderdi Errepublikanoko legebiltzarkidea izendatu ditu Obamak.

Gobernu berriarentzako lanak

Etorkizuneko Gobernua prestatzen buru belarri ari da presidente hautatu berria. Soilik, Rahm Emanuel Gobernuko kabineteko buruzagi izango dela jakinera eman dute orain arte. Estatu idazkari izateko hautagaien artean daude, prentsaren arabera, John Kerry 2004ko demokraten Etxe Zurirako hautagaia, eta egungo Mexiko Berriko gobernadore Bill Richardson. Bestalde, Washington Post kazetaren arabera, Zerbitzu Sekretuetako zuzendaria eta CIAko burua kargutik kenduko ditu gobernu berriak. Biek ala biek sostengatu zuten publikoki galdeketetan tortura erabiltzea.

Bestalde, Obamaren aholkulariek diote munduko zoko guztietatik jaso dituela deiak presidente hautatu berriak atzerri politikan Gobernuaren norabidea alda dezan. Herrialde barruan ere, migrazio politika aldatzeko eskatu dio Bill Clinton presidente ohiak, AEBetan bizi diren paperik gabeko etorkinen egoera legeztatzeko.

Bestalde, Alderdi Errepublikanoko gobernadoreek bilkura egin dute alderdiaren geroaz eztabaidatzeko. Sarah Palin presidenteordetzarako hautagai ohiak Gobernuari bidea erakusteko eskatu die gobernadoreei, eta alderdia berritzen urratsak egin ditzatela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)