A eredua Nafarroan
Berria, , 12-11-2008Julia Hernandez Pedro Urabaien
Iruñeko La Compasion Escolapios Ikastetxeko irakasleak
Deredua, G eredua, TIL, Hizkuntza eredu bakarra….hamaika erreforma, antzinako eta gaur egungo ereduak eztabaidan. Guk, ia 20 urte hauetan ezagutu dugun ereduari buruz idatzi nahi dugu, gure ikuspegia eta hausnarketak plazaratzeko asmoarekin. Proposamen berriak ezarri baino lehen, egin dezagun orain arte burututako lanaren balantzea.
A eredua, hain ezezaguna, bai euskaltzaleen artean, bai euskararen kontra dauden lobby-etan .Eredu honek ez du apenas lagunik izan, batzuetan mespretxua besterik ez du jaso, maiz axolagabetasuna, hurrengo belaunaldien euskalduntze prozesua bermatzen ez duela aldarrikatuz.
A, D eta B hizkuntza ereduak finkatu ziren Euskararen Legea onetsi ondorengo Foru Dekretuaren bidez. Garai hartan A eredua eskualde misto eta ez euskalduneko ikastetxe publikoetan zein pribatuetan garatu zen.
Araudiak gurasoek euskara aukeratzeko eskubidea zutela ezartzen zuen. Bigarren Hezkuntzan hautazko irakasgaien tokia izan zuen; beraz, ikastetxe askotan A eta G ereduak aldi berean egoten ziren. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek lau saio izaten zituzten astero, Bigarren Hezkuntzakoek berriz hiru. Lana aurrera eramateko irakasleak kontratatu egin ziren edo ikastetxe horietan zeuden irakasle askok birziklatzeko programan parte hartu zuten, EGA (C1) lortzeko helburuarekin. Agiria lortzen zutenean, euskara irakatsi behar zutela hitzematen zuten.
Pixkanaka-pixkanaka irakasleon prestakuntza hasi zen, landu behar genituen edukiak, prozedurak eta jarrerak finkatu ziren, ekintza osagarriak garatu ziren… eta hain gogorra zen lana aurrera egin bazen irakasleen lana eta kemenari esker izan zen; batzuetan irakasleak lan eta gizarte ingurune mesfidatian aritzen ziren, beharrezkoa zen koordinaziorik gabe, materialak eskean.
Baina oztopo guztien gainetik, A ereduko matrikulak gora egin zuen eta ikasleen % 25ak A eredua aukeratzen du. Azken 20 urteotan ikasle asko izan dira, gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzan. Gaur 16.000 inguru, 12.000 ikastetxe publikoetan eta 4.000 ikastetxe pribatuetan. Bigarren Hezkuntzan 2.500, Batxilergoan 400 gutxi gora behera eta hamarren bat prestakuntza-zikloetan. Ikasle asko hasten dira, baina gutxik bukatzen dute; gure ustez, legea A ereduaren bultzatzailea inoiz izan ez delako.
Ereduaren gabezia nagusia eskaintzan bertan aurki dezakegu, eskasa baita. Izan ere, Nafarroako ikasle batek badaki D ereduko ikastetxean edo British delako batean sartzen bada, euskara edo ingelesa derrigorrezko irakasgaiak izango dituela, normala denez; baina A edo G ereduetako ikastetxeetan ez du euskara ikasteko beharrik eta ikasten hasi arren, etapa batetik bestera ereduz aldatzeko aukera izaten du. Hori dela eta, ikasleak galdu egiten dira hazten diren bitartean, eta sistemak ez dauka hau ekiditeko asmorik. Abandonatze horrekin euskara ikasteko mila lan eta ahalegin bidean geratzen dira. Zailtasun hauek izanda ere, ikasleak euskara ikasten jarraitzen badu, ia sinestezina da. Bitxia da zer-nolako interesa daukan Foru Erkidegoko administrazioak gurasoen askatasuna errespetatzeko euskara aipatzen denean, ez, aldiz, atzerriko hizkuntzei dagokienean.
Baina A ereduak lorpenak ere baditu, eta garrantzitsuena hauxe da: lagundu izan du nafarren belaunaldi berri baten erdia baino gehiago eskolan bertan euskara eta euskal kulturarekin hezteko, tirabira eta gatazkarik gabe, guztiz alderantziz, gure gizartearen elkarbizitza aniztuna eta errotuta eratzen laguntzen.
Aldi berean, oso emaitza onak lortu dituzte gure ikasleek komunikazio trebetasunetan. Gainera, gure ikasle batzuk bikaintasun maila eskuratzen ari dira, batez ere Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko (NUHEO) kolaborazio programa euskarara luzatu denetik, ingelesa edo frantsesarekin bezala. Ez zen erraza izan lotura hori lortzea, sinatzaileok gogoratzen gara irribarre batez nola joaten ginen behin eta berriro Hezkuntza Sailera eta Hizkuntza Eskola Ofizialera hauxe eskatzera, gure ikasleei irtenbide duin bat emateko, nahiz eta batzuetan erantzun kaskarrak jaso.
Egun, gero eta ikasle gehiago dira, DBHko 3. zein 4. mailakoak eta Batxilergokoak, A2 eta B1eko maila lortzen ari direnak, eta hau ikasteko bidean eragingarritzat hartuz. Gainera, aukera hau ikusita, ikasle askok segitzen dute euskara ikasten 18 urte bete ondoren, eta urte gutxi pasata EGA agiria lortu ohi dute.
Europako Hizkuntzen Marko berriak berrukitu izan du planteamendu hau, eta igo egin du DBH bukatzen zuten ikasleei eskatzen zaien maila: orain NUHEOean B1eko azterketa egin behar dute, eta Batxilergoan B2koa. Irakasleok ahaleginak bikoizten ari gara ikasleak ez etsitzeko eta aurrera egiteko. Aldi berean administraziora jo dugu baliabide gehiago ipini dezan eredua indartzeko, bikoizketa gehiagorekin, mintza-laguntzaileekin…
Uste dugu irekitzen ari den hizkuntzei buruzko eztabaidan, A ereduan hainbeste urte daramagunok, eta batez ere gaurko eta geroko ikasleok, badugula eskubidea ereduak merezi duen duintasuna lortzeko, eta legezko murriztapenak ez jasateko, beste ereduek sufritzen ez dituztenak, laguntza osoa emanez eta gure lana benetan onartuz, alde guztietako topiko zaharrak bazterturik. Legediaren aldaketa ezinbestekoa delakoan gaude.
Gure dei hau egiten dugu ikastetxe kontzertatu batetik, EFQMko zilarrezko Qa berriki lortu izana, A ereduan aurrekaria Nafarroan, hamabi irakasle euskaldun berriz osatutako euskara mintegitik, gehienak irakasleendako berziklapenetik pasatakoak, Errotxapea auzoan errotuak, ikasleria aniztun batekin (heren bat nafar arbasoengandik sortuak, zati handiago bat Espainiako beste erkidegoetatik etorriak 60. hamarkadan, eta % 20 edo etorkin atzerritarrak edota gutxiengo etnikoak), TIL delako proiektu pedagogiko batean murgilduak gaztelera eta ingelesa ematen dituzten irakasleekin batera, hainbestek ahaztuta izanak; hemendik nahi dugu gure deia zabaldu: eredu honek ez ditu ikasle elebidunak berehala sortzen, baina 18-22 urte behin beterik, eta muga horretara ailegatu bitartean, euskararen leihora irteten ohituta dauden ikasleak hezten ditu, bere soinuak gozatzen dituztenak, bere abestiz, olerkiz, bertsoz, antzerkiz eta ipuinez, Korrikaz eta Oinezez; Nafarroa anitza eginez, aberatsagoa, ezberdina, iraganarekin lotuta, integratzailea, kultura ezberdinen ulerkorra. Gainera batzuetan irakasleok izugarrizko plazera hartzen dugu kalean gure ikasle ohiak topatzen ditugunean, 20 urte ingururekin guztiz euskaldunduak, tituludunak ere, eta haiekin euskara garbian mintzatzen garenean, izugarrizko betetasuna sentitzen dugu. Ezina ekinez egina.
(Puede haber caducado)