Immigrazio eta Zinema asteak «errealitatea» ezagutarazi nahi du Bilbon

Biharko inaugurazio ekitaldian 'Flores de luna' film espainiarra proiektatuko dute Capitol aretoan

Berria, Miren Korta , 05-11-2008

Zineak balio berriak barneratzen lagun dezake. Hori da Bilboko II. Zinema eta Immigrazio asteak aurten daukan erronka. Eusko Jaurlaritzako Immigrazio sailak lagunduta, gaia jorratzen duten hamabi film luze aukeratu ditu Gozila elkarteak. Astea Juan Vicente Cordobaren ‘Flores de luna’ filmarekin hasiko dute Capitol zinema aretoan.

Aurten, antolatzaileek «erakustaldiaren sendotzea» daukate buruan, Gozila elkarteko presidente Maria Jesus Diezen esanetan. Horretarako, «film eta emanaldi gehiago» izango ditu Asteak. Berrikuntzen artean, film laburrak egongo dira. Izan ere, igandean, haurrek egindako film laburrak izango dira ikusgai ‘Nire auzoko kulturaniztasuna’ izenburupean.

Eusko Jaurlaritzak zinemaren aldeko apustua egin du gizartearen kontzientziatze lanean. «Pelikulak erabilgarri izan daitezke immigrazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2000tik hona izan duen eragina azaltzeko eta errealitate berri hori ezagutarazteko», Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendari Roberto Magroren hitzetan. Mota horretako ekimenek «estereotipoak alde batera uzten eta arrazakeria gainditzen» lagundu dezakete. Horretarako, lan esanguratsuak izan arren, merkatuan oihartzun handirik izan ez duten filmak aukeratu dituzte oraingoan: «Arrakasta komertzial txikia daukaten lanei aukera berria ematea da gure xedea. Beraz, ikusleentzat interesgarriak izan daitezkeen filmak ekarri ditugu», Diezek argitu duenez.

Multicines aretoan eta Fnacen

Bi gune nagusi izango ditu Zinema eta Inmigrazio asteak aurten. Film luze eta laburrak Multicines zinema aretoan emango dituzte. Filmeei buruzko argazki erakusketa, aretoaren ondoan dagoen Pandrinosen jarriko dute, hain zuzen. Fnacen, Ken Loach zuzendaria omenduko dute. Zinemagile britainiarraren lanak emango dituzte ostiraletik asteartera bitartean, eta ‘Ken Loach: Emakumea eta inmigrazioa’ hitzaldia han emango dute astelehenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)