Elena Rodriguez - Munduko Medikuak taldeko kidea. Immigranteek osasun zerbitzuetara jotzeko dituzten zailtasunez aritu da Elena Rodriguez Bilbon; ezkor da gizartearen diskurtsoarekin.

«Etorkinak beldur izaten dira osasun laguntza jasotzeko, lan eskasagatik»

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 05-11-2008
Bilbo

Harresiak apurtuz taldeak antolatuta, immigranteek osasun zerbitzuetara jotzeko dituzten zailtasunak izan zituzten hizpide herenegun Bilbon egindako tailer batean. Elena Rodriguez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Munduko Medikuak taldeko kideak egin zuen sarrera hitzaldia.

Lege aldetik, zein desberdintasun dago etorkin batzuen eta besteen artean, osasun zerbitzuak jasotzeko eskubideari dagokionez?

Printzipioz, arreta segurtatuta daukate haurdun dauden emakumeek eta adingabeek. Horiek ez dute inolako tramiterik behar. Gainerako herritar guztiek errolda behar dute osasun txartela lortzeko, hau da, osasun sarean normalizatzeko. Erroldarik gabe, ez dago osasun txartelik, eta, hortaz, ezin dute osasun etxe batera edo lehen arretako zentro batera joan. Larrialdietan soilik artatu daitezke.

Beraz, gerta daiteke etorkin heldu bat gaixotu eta larrialdietara joan arte ezin artatua izatea?

Bai. Uste dut Ikuspegik emandako azken datuetan dioela gehienez 10.000 lagun daudela EAEn erroldatu gabe. Ondorioz, ez daukate osasun txartelik. Hala ere, egia da erroldatu gabe daudenek egin dezaketela txartel unibertsalizatua. Iragankorra da, hiru hilabetekoa, eta berritu daiteke. Dena dela, badirudi leku batzuetan zailtasunak jartzen dituztela hori egiteko.

Erroldatuta dauden etorkinek ere badute oztoporik osasun zerbitzuetara jotzeko?

Etorkinak beldur izaten dira osasun laguntza jasotzeko, lan eskasak atzera botatzen dituelako. Izan ere, gaixo edo ondoezik daudenean, eguna libre eskatu behar diote nagusiari, eta, batez ere kontraturik gabe badaude, hark utziko ez dien edo kaleratu egingo dituen beldur dira. Edo medikuak gaixo agiria hartu behar dutela esaten dienean, lana galduko duten beldur dira. Gizonen kasuan, osasun zerbitzuetara jotzeko oztopo handia da hori. Bestalde, marokoarren kasuan, emakumeetan gehienbat, uste dute zapia eramateagatik okerrago tratatuko dituztela, eta deseroso sentitzen dira.

Larrialdietara jo behar izaten dute, beraz. Zein da bertokoen jarrera larrialdietan etorkin asko ikusten dituztenean?

Aldakorra da, bertakoaren ideologiaren eta maila ekonomikoaren arabera. Egia da jendearen ustea dela immigranteak ari direla osasun zerbitzuak eta larrialdiak okupatzen edo itotzen. Egiten ari diren ikerketa guztiek diote hori ez dela horrela eta larrialdiak askotan osasun txartelik ez daukatenek erabiltzen dituztela. Diskurtso nagusia da immigranteek osasun zerbitzuak erabiltzen dituztela bertakoek baino gehiago. Diskurtsoa aldatu beharra dago, baina badakit zaila izango dela.

Egoera hori ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurririk hartu du?

Horretan ari da. Kataluniako osasun zerbitzuekin harremanetan jarri da, haiek erabiltzen dituzten protokoloak hemen aplikatzeko; haur eta heldu immigranteen arretarako gidaliburua ere atera du. Hala ere, uste dut Osasun Saila mantso ari dela erabakiak hartzen.

Etorkin gehienak gazteak eta osasuntsuak direnean gertatzen ari da hori guztia. Zer gertatuko da urte batzuen buruan horiek guztiak zahartu eta osasun arazoak izaten hasten direnean?

Immigrante osasuntsuaren teoria komunitate zientifiko osoak onartzen du jada. Teoria horretan, ikusi da lurralde batean hamar urte eman ondoren, immigranteen osasunak txarrera egiten duela. Gainera, immigrazioa geldiezina da; joan-etorriak izango dira eta politika murriztaileak jarriko dira, baina immigranteek heltzen jarraituko dute. Mendebaldeko gizarteak behar ditu. Herritar horien eskulana behar dugu gure ongizate sistema mantentzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)