EBk Latinoamerikaren oniritzia nahi du immigrazio politika eraginkorra izateko

Etorkinen itzulera zuzentarauak izandako harrera txarra aldatu, eta Latinoamerikarekin elkarlana desio du EBk

Berria, Ekain Rojo, 18-10-2008

Europako Batasunak premiazkoa iritzi dio immigrazioaren auzian Latinoamerikako herrialdeekin elkarlanean aritzeari. Hala esan zuen atzo Benita Ferrero – Waldner EBko Kanpo harremanetarako goi komisarioak, Bruselan Latinoamerikako estatuetako enbaxadoreekin bildu zenean. Bruselaren etorkinak itzultzeko zuzentarauak herrialdeotan sorrarazi zuen haserrea apaltzen ahalegindu zen, baita asteon hitzarturiko Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Itunaz azalpen lasaigarriak ematen ere. Ferrero – Waldnerren ustez, bi aldeek elkar ulertu ez zutelako harrotu zituen hautsak EBren direktibak.

Europak etorkinen sorterriko herrialdeei laguntzeko borondatea duela aditzera eman zuen: «Ez emigra dezatela galarazteko, baizik eta arrazoi ekonomikoen eraginez lekualdatzera behartuta egon ez daitezen». Latinoamerikako immigranteen integrazio azkarra nabarmendu zuen goi komisarioak eskualdeko ordezkarien aurrean, eta Europako gizarteetan duten parte – hartze baikorra eta aberasgarria goraipatu.

Enrique Iglesias Latinoamerikako Konferentziako idazkari nagusiaren arabera, garaia heldu da egitasmo baikorrak eta lagungarriak plazaratzekoa: «Horretarako etorkinak herrialdeen garapenarentzat garrantzitsuak direla argi utzi behar da». Egoera ekonomikoak etorkinei kalte egin ahal diela ohartarazi zuen, eta kezka hori bera ikusarazi zuen Luis Sica Uruguaiko enbaxadoreak ere.

Bilkura, elkarrizketa giroan

«Elkarrizketa sustatzea hitzeman dugu, eta hori hezurmamitzen ari da», agertu zuen Sicak. Ildo berean, Jorge Remese Lenicov Bruselako Argentinako enbaxadoreak adierazi zuen Europa norabide onean urratsak egiten ari dela. Herenegun immigrazio fluxuei buruz onartu zuen egitasmoa uda aurreko itzulera zuzentaraua baino egokiagoa dela uste du: «Erabilitako hitzak ezberdinak dira. Ez da berdina legez kanpoko immigrazioaz hitz egitea, eta immigrazio araugabeaz aritzea». Europako Batzordea etorkinen sorterri diren eskualdeekin negoziatzeko biltoki izatea txalotu du Remesek. Immigrazioa bi aldeen erantzukizuna da, haren hitzetan, eta sorterriari ez ezik harrerako aberriari onurak ekartzen dizkio.

Carlos Holmes Trujillo Kolonbiako enbaxadoreak elkarrizketa «oso baikorra» izan dela dio: «Ezadostasunak badaude, baina garrantzitsuena da negoziazioan sakondu dugula». Fernando Perez Laso Ekuadorko ordezkariaren ustez, «erabateko elkarrizketa aldia hasi behar da immigrazioaz».

 

Datua

ESPAINIARI SALAKETA

Adingabeak kanporatzea. Human Rights Watch erakundeak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio laguntzarik gabeko adingabeak kanporatzean arriskuan jartzen dituela. Haurren segurtasuna ziurtatu arte ez kanporatzeko eskatu dio.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)